SORA 3 - UDA 0

Hiru puntuak, hiru golekin

Ander Gomez 2024ko urr. 28a, 18:18

Zapatuan, Aretxabaleta K.E. B-ren kontrako norgehiagoka zuen Sorak etxean. Egun euritsu eta grisa suertatu zen —taldearen animoekin bat egiten zuena aurreko partidetako ezusteko emaitzen ostean—. Baina argi eta indarberrituta bukatu zuten urriko azken jardunaldia, 3-0 irabazita. Irudiak: Soraluze FT.

Pare bat aste atzera, Zestoaren kontrako partida irabazten hasi eta irabaztea espero zuen arren, 1-3 galdu zuen Sorak. Azken partida, denboraldi hasieratik sailkapenean bigarren dagoen Amaikak Bat taldearen kontra galdu zuen, 2-0, etxetik kanpo. Hurrengo astean ere erronkatxoa izango dute, sailkapenean lehenengo dagoen Urkiren aurka, Eibarren. Baina asteburu honetan, guztia ahaztu eta zapatuko hitzorduan zentratu beharra zeukaten, partida irabazi eta taldearen gogo-aldartea berpizteko. Egin beharreko lan hori ondo baino hobeto bete zuten Sorako Gorengo mailako mutilek.

Zestoarekin egin bezala, partida hasi eta berehala sareratu zuen baloia Sorak, eta oraingoan ere Urko Ruizek egin zuen lehen gol hori (8'). Gerora, bi gol gehiago egongo ziren partidan, baina aurrekoan ezbezala, etxeko markagailura gehitu eta garaipena emango zioten Sorari. Bigarren gola bigarren zatian egin zuten: Kapitain jokatu zuen Aitor Barrutia bandatik sartu zen areara, defentsa atxabaltarrari posizioa irabazi zion eta honek lurrera bota zuen; epaileak penaltia adierazi eta Antxon Zubiaurrek sartu zuen (60') atezaina engainatuta. Handik gutxira eta partida borobiltzeko, Jon Ander Recio aurrelariak egin zuen azkena (77'); hiru golekin markagailuan 6. jardunaldi honetako hiru puntuak bermatuz.

Hurrengo asteburuko partidak


Talde guztien emaitzak Plaentxia.eus-eko Soraren blogean.