Bilbao Exhibition Centre-ren kanpoko aldean egindako elkarretaratzeei dagokienez, adierazi zuten oso argi geratu zela pentsio publiko duinen alde Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimendua (EHPM) egiten ari den borroka.
Gainontzean, jakinarazi zuten Eusko Jaurlaritzak enplegu-pentsioen sistema pribatuak bultzatzeko dituen planak aurkeztu zituela, haiei ematen zaizkien laguntza fiskalak goraipatuz.
Pentsiodunen mugimenduaren iritziz, berriz, “demokratikoagoa eta sozialki zuzenagoa izango zatekeen EHPMk aurkeztutako Herri Ekimen Legegilea onartzeko prest egotea, zeinetan Euskal Autonomi Erkidegoan (EAE) gutxienezko pentsioak LGSrekin parekatzea proposatzen den”.
Madrilen eskaera bateratuak
Bestalde, zapatuan, Madrilen egindako estatu mailako manifestazioan EHPMtik 150 bat lagun izan zirela kontatu dute eta hango protestan elkartu ziren estatuko pentsiodunen gainerako mugimenduekin, honako puntuak mahai-gaineratu zituztela:
- "Banaketa-pentsioen sistema publikoa oraindik ez dago erabat bermatuta, 2011tik hona egindako erreformen ondoren.
- Gutxieneko pentsioen balioa ez handitzeaz gain, Lanbide arteko Gutxieneko Soldatatik (LGS) gero eta urrunago dago.
- Genero-arrakalak emakumeak lan prekarioetara eta aitortu gabeko zaintza-lanetara kondenatzen ditu oraindik ere, miserian kokatzen dituzten pentsioetara.
- Legez edo Legez Besteko Proposamenen bidez hartutako konpromisoak bete gabe jarraitzen dute, hala nola Gizarte Segurantzako kontuen auditoria egitea edo 40 urte edo gehiagoko kotizazioarekin erretiro aurreratuaren koefiziente murriztaileak indargabetzea.
- Pentsioen berrezarpen-tasak jaisten jarraitzen du, 2011ko erreformak aplikatzearen ondorioz; edo CEOE/CEPYMEren, CCOOren eta UGTren 2024ko uztailaren 31ko akordioan jasotako arrazoiengatik; izan ere, akordio horrek are gehiago desarautzen du erretiro-adina, prekarizatutako sektoreak lana eta pentsioa partekatzera kondenatuz".