Atzo, domeka, Bilbon jantzi zuen euskal selekzioaren kamiseta Ane Couto Pasenau Soraluzeko errugbilariak. Taldekide izan dituen SoraGazteak taldetik kontatu dutenez, mele lanetan ibili zen bigarren tarte osoan eta “jokaldi oso politak” ikusi zituzten. 0-10 galtzen joan ondoren, bigarren zatian egoerari buelta eman eta 12-20 irabazi zuten euskaldunek Andaluziaren kontrako norgehiagoka.
"Oso gustura eta harro"
SoraGazteak Rugby Klubetik jakinarazi dutenez, “oso gustura eta oso harro” daude Ane Cuto Pasenau soraluzetarra Euskadiko Selekziorako hautatu dutelako.
Kontatu dutenez, iaz, “azken momentuan” galdu zuen kirolari gazteak euskal selekzioarekin jarduteko aukera, baina aurten “bai lortu eta disfrutatu egin du kirol honek dituen baloreei ohore eginez (esfortzua eta taldeko lana)”.
Horrexegatik, Couto gaztea “bihotz-bihotzez zoriondu” eta adierazi dute gainerako jokalariendako “eredu bihurtu dela, “esfortzuaren eta taldeko lanaren irabaziak beregan ikusten direlako”.
Gaur egun, Eibar Rugby Taldeko jokalaria da Ane Couto Pasenau, baina SoraGazteak Rugby Taldearekin estuki segitzen du harremanetan zein taldeari laguntzen, esaterako, arbitro lanak eginez, herrian errugbi topaketak daudenean.