"Konponbidearen garaia"

Ubane Madera Zangitu 2024ko urr. 28a, 09:18

Barikuan, euskal presoen aldeko elkarretaratzea egin zuten Plaza Barrixan. Azpimarra jarri zuten oraindik ere “salbuespeneko egoera” bizi dutela euskal presoek eta adierazi zuten datozen hilabeteetan “euskal preso, iheslari eta deportatuen etxeratzearekin batera gatazkaren konponbideari ateak irekitzeko garaia” dela aldarrikatzen jarraituko dutela. 50 lagun inguru elkartu ziren protesta ekitaldian.  

Barikuko elkarretaratzean, euskal presoak jasaten ari diren “zigorren luzaketarekin amaitzea lortuko” dutela ere partekatu zuten, “Frantzian zein beste herrialderen batean beteriko zigorrak kontuan hartuko baitira espainiar estatuan betetzen ari diren zigorraren batura totalean”.

Lorpen horrek “arnas pixka bat” eman arren, “argi” dute oraindik ere “korapilo handiak” dituztela askatzeko, esterako 07/2003 legea indargabetzea, izan ere, lege horrek “hainbat euskal presori 40 urteko zigor integrua ezartzen” die. 

Osterantzean, aurrera begira jarri eta Gabonetako eta urtarrileko mobilizazioak aipagai, haietan ere, “konponbidea eta elkarbizitza aldarrikatuko” dutela azpimarratu dute.