Zapatuan, 10:30ean abiatuko da Geroako kaltetuen manifestazioa, Boulevardetik. Politikariei, “batik bat EAJri eta EH Bilduri”, “Geroan botere handia duten sindikatuei” eta “Adegi patronalari” eskatuko diete pausoak eman ditzatela euren gatazkari irtenbidea emateko.
“Pentsio planen kontra” ez daudela esan ondoren, salatu dute ez dela “bidezkoa” batzarkide baten bitartez jakitea BGAEei buruzko Eusko Jaurlaritzaren dekretu berrira egokitzeko batzarra egingo duela Geroak.
Halaber, salatu dute dekretu horrek lehenesten duela langileek egindako diru ekarpena errenta modura kobratzea eta ez kapital modura, Geroako kaltetuek defendatzen duten moduan.
Azpimarratu dute eskatzen ari diren dirua eurena dela eta ez dutela ulertzen zergatik jartzen duten gehienezko topea diru hori erreskatatzeko. “Zeini egiten diogu kalte gure dirua kapital modura erreskatatzen badugu?”, galdegin dute.