Atzo eta gaur BECen egiten ari diren topaketan, besteak beste, “Robert C. Merton Ekonomia Nobel
sariduna, Latinoamerikako hainbat ministro, Gasteizko gobernuko ordezkaritza zein finantza sektoreko liderrak” egongo direla jakinarazi du pentsiodunen mugimenduak.
Esplikatu dutenez, topaketako antolatzaileen abiapuntua da pentsioak gai erabakigarri bilakatu direla gobernuentzat zein sektore pribatuarentzat, pertsonak gero eta luzaroago bizi diren testuinguru honetan. Eta egoerari irtenbidea emateko jakintzak partekatuko dituztela BECeko topaketetan, epe luzera begira jasangarria izango den balizko pentsio sistema helburu.
Baina, Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduaren iritziz, topaketan parte hartzen ari direnek interes ekonomikoak lehenetsi eta oro har, pentsioen sistema publikoak murriztearen eta funts pribatuak bultzatzearen alde egingo dute.
Horrexegatik, eta, “pentsio-sistema publiko eta duinak” defendatzeko egiten ari diren borrokaren baitan, mota honetako nazioarteko topaketak salatu eta elkarretaratzeak egingo dituzte BECen.
Zapatuan, Madrilen
Bestalde, beste mobilizazio bat ere hizketagai izan zuten asteleheneko elkarretaratzean: zapatu honetan Madrilen pentsio sistema publikoa bermatzearen alde egingo den manifestazioa. “Pentsio publiko duinak eskatuko ditugu, eta pentsioen sistema publikoa bermatzea, murriztu eta pribatizatu nahi duen finantza-sistemaren erasoen aurrean”, adierazi zuten, protestarekin bat eginez.