Bihar egingo dute aurtengo lehen ibilaldi osasuntsua

Ubane Madera Zangitu 2024ko urr. 21a, 10:12

Argazkian, herritar talde bat iaz egin zuten ibilaldietako batean.

Bihar, martitzena, ibilaldi osasuntsua egiteko aukera izango da, Goazen Soraluzeren eskutik. 09:30ean Kiroldegian elkartu eta ordu eta erdi inguruko ibilaldia egingo dute udalerritik, edozeinek egiteko modukoa; izan ere, interesa duen edozeinek parte har dezake ekimenean. Iaz, besteak beste, Osintxura joan-etorria eta Ezozi auzo inguruetatik buelta egin zuten.

Goazen Soraluze jarduera fisikoko orientazio zerbitzuaren eskutik, ibilaldi osasuntsuak egiten hasiko dira bihartik aurrera. Iaz moduan, aurten ere asmoa da hamabostean behin egitea halako bat, eta, eguraldia lagun ez den kasuetan, ibilaldiaren ordez, tailerrak edo bestelako dinamikak egitea kiroldegian bertan.

Aurtengo lehen ibilaldirako 09:30ean egin dute hitzordua, Kiroldegian. Bertan elkartu eta ordu eta erdi inguruko ibilbidea egingo dute, Osintxu aldera. Edozein herritarri zuzendutako ekimena da, doakoa.

Astean birritan

Osterantzean, Goazen Soraluzek astean birritan ematen du kirol aholkularitza: martitzenetan eta eguenetan. Maritzenetan, 09:00etatik 13:00etara eta 14:00etatik 16:00etara, eta, eguenetan, 11:15etik 13:15era. Gainera, eguenetan, 11:15etik 12:00etara indar ariketak egiten dituzte taldean eta bi astean behin, martitzenetan, anbulatorioan bertan ematen dute orientazioa,11:00etatik 13:00era.

Goazen Soraluze kirol orientazioa jarduera fisikoa egiten duen edo egin nahi duen edozein herritarri zuzendutako doako zerbitzua da. Aholkularitzaz gainera, jarduera fisikoa bultzatzeko bestelako ekimenak ere egiten dituzte, ibilaldi osasuntsuak, tailerrak eta beste.