Israel Palestinan egiten ari den genozidioaren kontrako elkarretaratzea deitu du Gernika-Palestina Herri-Ekimenak biharko, astelehena. Gatazka horren aurrean, gizarte zibila aktibatzea beharrezko ikusten dute, “genozidioa geldiarazteko eta konponbidea aldarrikatzeko jendarte zibilak duen aukera eta itxaropenerako leihoa hauxe baita: aktibazioa”.
“Krudelenetarikoa”
Protestaren deitzaileek salatu dute “inoiz gertatu den genozidiorik krudelenetariko baten lekuko” izan arren, “nazioarteko komunitateak” ez duela “izugarrikeria honekin bukatzea lortu”. Horren adierazle, gogora ekarri dute “Israelgo estatuak dagoeneko 41.000 palestinar erail” dituela eta “Gazako kaleen eta azpiegituren %70 suntsitu” dituela. “Zergatik onartzen dio nazioarteko komunitateak Israelgo estatuari inpunitate hori?”, galdetzen dute.
Horrez guztiaz gainera, Israelek Libanori ere eraso egin ondotik, uste dute, “nazioarteko ordenaren noraezaren zantzuak” azaldu direla, “gaur-gaurkoz, nazioarteko komunitatea ez delako gai izan II. Mundu Gerraren ondoren eraikitako orube legalean oinarriturik, Israelen inpunitatearekin amaitzeko, eta Palestinaren biztanlegoari segurtasuna eta itxaropena bermatzeko”.
Aldarrikapenak
Horregatik guztiagatik, honako aldarrikapenak plazaratuko dituzte bihar:
- "Palestinarrek berehalako su-etena behar dute, armak isil daitezen, eta buka dadin Israelek egindako okupazio koloniala.
Mendebaldeko estatuek gelditu egin behar dituzte Israelgo Estatuari egindako arma eta baliabide militarren erosketa eta salmenta. - Inongo estatu edota potentziaren ingerientziarik eza Palestinan, eta bere autodeterminazio-eskubidearen errespetua funtsezko abiapuntutzat jotzen ditugu. Palestinako biztanleek baliabide material eta politikoak behar dituzte beraien lurraldean gelditu eta duintasunez bizi ahal izateko.
- Bake justu, egonkor eta iraunkorra helburu, elkarrizketa eta negoziazioa dira egoera krudel honi irtenbidea emateko elementu nagusiak. Nazioarteko komunitatearen parte-hartze aktiboa funtsezko gakoa da. Horren bidez, aldeak negoziatzera bultzatu, eta Nazioarteko Zuzenbidean eta NBEren ebazpenak zorrotz betetzeko modu bakarra da".