Ia 200 lagunek eman du dagoeneko izena Antxintxika lasterketan

Ubane Madera Zangitu 2024ko urr. 18a, 08:56

Iazko Antxintxikan parte hartu zuten soraluzetar batzuk lasterketa hasi aurretik.

Bi aste bakarrik falta dira Bergara eta Soraluze artean korritzen den Antxintxika lasterketaren XVIII. ediziorako. Azaroaren 2an izango da eta izen-ematea zabalik dago Interneten, Kirolprobak.com webgunean. 199 lagunek eman dute izena dagoeneko. Antolaketa taldetik esandakoaren arabera, 450 partaiderendako lekua izango da. 

Azaroaren 2an, Etxaburueta kaletik abiatuko da Antxintxika lasterketa. 16:30ean HandBikeetan lehiatuko direnak irtengo dira, 16:45ean patinetan joango direnak eta 17:00etan, berriz, korrikalariak.

Izen-ematea zabalik dago Kirolprobak webgunean eta halaxe egongo da azaroaren 1eko 15:00ak arte. 19 euro da prezioa. Dagoeneko 199 lagunek eman du izena.

Dortsalak Bergaran

Aurten, bi berritasunekin dator Soraluze eta Bergara artean korritzen den lasterketa. Batetik, dortsalak bakarrik Bergaran banatuko dituzte, antolaketa kontuengatik. Bestetik, zenbait kexu tarteko, aurten, 10 kilometro oso izango ditu lasterketak. Ibilbidea luzatzeko, Mekolalden desbideraketa egingo dute.   

Iaz, 410 lasterkarik parte hartu zuen Antxintxikan. Saridun izan ziren handbike modalitatean Iñaki Igartua, Tetra kategorian Joseba Azkarate, patinetan Aitor Vacas eta Berezi Martinez eta korrika Garazi Korta eta Ekain Larrea. 

Soraluzetar azkarrenak, berriz, izan ziren Ixone Iñarra Aranburu, 42:45eko denbora eginez eta Alberto Arberas Agirrebeña, 31:37ko denbora eginez.