Gaur hasiko den Hezkuntza Foroak bi orduko hiru saio egingo ditu abendura bitartean. Gaurko saioan, herriko hezkuntza arloaren argazki bat egin nahi da. “Egun Soraluzek herri hezitzailearen filosofiarekiko dauzkan indarguneak eta ahulguneak identifikatuz, hezkuntzarako herri erronkak definitzeko”. 17:30ean da hitzordua, Herriko Antzokian.
50 udal baino gehiago
Oinherrik, Herri Hezitzaileak sustatzeko elkarteak dinamizatuko ditu saioak. Hain justu, joan den asteko udalbatzarrak aho batez onartu zuen Soraluzeko Udala Oinherri elkartean bazkide laguntzaile modura atxikitzea. Puntuaren gaineko irakurketan, Maite Quintanilla Hezkuntza zinegotziak azaldu zuenez, Oinherri 2002az geroztik ari da herri hezitzaileen sare bat sustatzen eta gaur gaurkoz, 50 udal baino gehiagok parte hartzen dute bertan.
Gaineratu zuenez, “Soraluzen Herri Hezitzaileen egitasmoa sustatzeko nahi eta ilusioa badaude”. Azaldutakoaren arabera, herriko Hezkuntza proiektuaren zein Herrixak Hezi plan estrategiakoaren bideari jarraiki, nahi dute osatu “hezkuntza arloa modu zabal batean landuko duen elkarlanerako markoa”.
Herri hezitzailea
Oinherri elkarteak lantzen duen Herri Hezitzaile filosofiari dagokionez, berriz, zazpi kontzeptutan oinarritutako eredua proposatzen dute: “Jolasa eta sormena ikasteko eta garatzeko berariazko tresnatzat dituen haurren kultura aitortzea; hori oinarri hartuta, haurrei benetan parte hartzeko eta erabakitzeko ahalmena ematea; eurek eraikitako aisia hezitzailea eta euskaldunaren bitartez, aniztasunean berdin eta parekide izanez eta ingurumen naturala eta ingurumen kulturala zainduz, komunitate-sarea eta auzolana indartzea, eta pertsonen arteko harreman osasuntsu, justu eta asegarriak jostea”.