Soraluzeko Udalak Herri Hezitzaileen egitasmoa sustatzeko eta herriko Hezkuntza Proiektua eguneratzeko pausuak eman nahi ditu datozen hilabeteetan. Horretarako, hezkuntzaren arloa modu zabalean landuko den elkarlanerako marko bat osatzea da helburua, hezkuntza komunitateko eragile eta herritarrak protagonista izango dituena: Hezkuntza Foroa, hain zuzen ere.
Hezkuntza Foroaren prozesua Oinherrirekin, Herri Hezitzaileak sustatzeko elkartearekin landuko da eskuz esku, hark eskainiko baitu aholkularitza eta dinamizatuko baititu saioak. Oinherrik ahalbidetuko du, era berean, Herri Hezitzailearen filosofia, lanerako markoa eta metodologia. Hauexek izango dira prozesuan zehar bete nahi diren helburuak:
- Soraluze hezitzaile baterako zorua adostu eta hezkuntza eragileen arteko estrategia partekatua eraikitzea, hezkuntza era integralean lantzeko.
- Soraluzeko hezkuntza komunitatea saretzeko eta herri moduan, hezkuntzarako estrategia bat adosteko.
- Soraluze Herri Hezitzailean eragin dezaketen eragile nagusien artean diagnosi partekatu bat egitea: erronkak identifikatu, lehentasunak adostu eta plangintza partekatua definitu.
Prozesua su motelean landuko da, parte-hartzaile guztien erritmoak errespetatuz eta inoren motxila lanez gehiago betetzeko asmorik gabe. Hori horrela, dinamika parte-hartzailetan oinarritutako hiru bilera egingo dira 2024ko udazkenean, urritik abendura bitarte, eta ostean bertan adostutakori bide ematen hasiko da.
Ibilbide honek, hezkuntza komunitateko eragile eta herritarrak izango ditu protagonista. Hori dela eta, Herriko hezkuntza eragileetako kideekin batera, hezkuntzaren arloan interesa duten eta egitasmoan parte hartu nahi duten herritarreri ere zabaldu nahi da aukera. Horretarako, herritarrek honako galdetegia bete dezakete: izen-ematea
1. bilera: Diagnosi partekatua (non gaude?)
Herriko hezkuntza arloaren argazki bat egitea izango da lehen saioaren helburua. Egun Soraluzeko herriak herri hezitzailearen filosofiarekiko dauzkan indarguneak eta ahulguneak identifikatuz, hezkuntzarako herri erronkak definitzeko.
Eguna: urriak 16, eguaztena
Ordua: 17:30
Lekua: Herri Antzokia
2. bilera: Hezkuntzarako herri estategia (nora joan nahi dugu?)
Herri hezitzailearen filosofiak, hezkuntzatik herri estrategia aberasteko ematen dituen aukerak mahai gaineratuko dira bigarren saioan. Herri bezala, ipar konpartitu bat eraikiko dugu hezkuntzatik, gure herria zein baliotan hezi nahi dugun adosteko. Ametsetako herri horretara heltzeko erronkak definituko dira, eta lehentasunak adostu.
Eguna: azaroak 13, eguaztena
Ordua: 17:30
Lekua: Herri Antzokia
3. bilera: Plangintza partekatua (nola joango gara?)
Soraluzeko hezkuntza elkargunearen ezaugarriak definituko dira azken saioan. Aurreko saioan definitutako ipar partekaturantz joateko, guztien elkarlanerako gunea izango den foroari forma emango zaio horrela. Hezkuntza Foroa sustatuko duen talde eragilea osatuko da eta haren nondik norakoak zehaztu: elkargunea, maiztasuna, funtzionamendua, elkarrekin egin daitezkeen ekintzak eta baliabideak identifikatu. 2024-2025 ikasturtean martxan hasteko plangintza partekatua definituko da azken batean.
Eguna: abenduak 11, eguaztena
Ordua: 17:30
Lekua: Herri Antzokia