Herri Ekimen Legegileari buruzko erantzunaren zain

Ubane Madera Zangitu 2024ko urr. 15a, 18:00

Atzo, pentsioen aldeko elkarretaratzean, pentsiodunen mugimenduek Legebiltzarrean aurkeztu berri duten Herri Ekimen Legegilea izan zuten hizpide nagusi. Haren bitartez, Jaurlaritzari eskatu diote osa ditzala pentsioak gutxieneko 1.080 euroko kopurura ailegatu arte. Bada, jakinarazi zutenez, “aste batzuk itxaron beharko” dituztela erantzuna jasotzeko eta bien bitartean, gaia gizarteratzeko ekimenak egingo dituztela, adibidez, etzi, eguena, hitzaldia izango da Donostian.

Pentsioen osagarria eskatzeko Legebiltzarrean aurkeztutako Herri Ekimen Legegileari (HEL) buruzko erantzuna jaso bitartean, besteak beste, hari babesa emango dioten 10.000 sinadura batzeko lau hilabeteko epea zabaldu da. Hala jakinarazi zuten atzo Plaza Barrixan egindako elkarretaratzean.

Horrekin batera, HEL-a gizarteratzeko bestelako ekimenak ere egingo dituzte, lehena aste honetako ostegunean. Donostian, hitzaldia eskainiko du Arturo Val del Olmo militanteak. 10:30ean da hitzordua Okendo Kultura Etxean. 

Bestalde, urriaren 17a Pobreziaren Aurkako Nazioarteko Eguna dela gogora ekarri zuten eta horren harira, “aberastasunaren banaketa bidegabea” salatzeaz bat, uste dute “pobrezia arriskuan dauden pertsona guztiei iritsiko zaizkien prestazioak bermatzeko, aldaketa sakonak egin beharko” liratekeela “indarrean dagoen Diru Sarrerak Bermatzeko Errentan”.