Gabolatseko zubi zaharra bota eta berria ipintzeko obrak datozen egunotan hasiko dira. Hala jakinarazi zuen Unai Larreategi alkateak joan zen egueneko osoko bilkuran EAJk egindako galderari erantzunez. Alkateak esandakoaren arabera, orain, hasierako lanak egingo dituzte, zubiko azpiegiturak-eta (argindarra…) lekuz aldatzen hasi. Horiek egiteko, zubia ez da itxiko, beraz, hasiera honetan, obrek ez dute herritarrengan eraginik izango.
Kontuak kontu, obra horren hasiera baliatuta, Soraluzeko EAJ-PNVk prentsa oharra helarazi du gogora ekartzeko zubi berria egitea, haren finantziazioa zein SAPAko lehen pabiloiaren zaharberritzea “aurreko agintaldiko kudeaketari esker” gauzatuko direla. “Aurreko agintaldiko udal gobernuak egindako kudeaketa lanei esker; Gipuzkoako Foru Aldundiak 700.000 euro eta Eusko Jaurlaritzak 440.000 eurotako dirulaguntza bideratu zituen proiektua gauzatu ahal izateko”.
Gabolatseko zubiaren harira, jeltzaleek gogora ekarri dute “aho batez” onartu zela Soraluzeko Udalaren eta URA -Uraren Euskal Agentziaren arteko lankidetza hitzarmena zubi zaharra ordezkatzeko. Horrekin batera, jakinarazi dute lanak Moyua eraikuntza enpresak egingo dituela, 10 hilabeteko epea izango dutela eta 1.888.603,08 eurotako inbertsioa egingo dela. Hori guztia, URAk finantzatuz, “bere osotasunean, aurreko agintaldian lortutako adostasunari esker”.
"Aurreko agintaldiko kudeaketa"
Halaber, esparru berean dagoen zaharberritutako SAPA pabiloia ere izan du hizpide alderdi jeltzaleak, azpimarratzeko “hirigintza-hitzarmen bidez” eskuratu zuela Udalak haren jabetza eta hura zaharberritzeko finantzazioa lortu ondoren, “herritarren aisialdirako, erabilera anitzeko gune estali berria” eraiki dela, “orain arte ikusten ez zen pabiloiaren metalezko egitura mantendu eta bistaratzeaz” bat, horretarako 1.190.000 euroko inbertsioa eginez.
EAJko bozeramailea den Iker Aldazabalek azpimarratu duenez “Hirigintzako bi jarduketa hauei esker, udalerrian degradatuta zegoen eremua birgaitzeko aurrerapauso garrantzitsua emango" da”.