Zapatuan, azken partidetan erakutsitako erritmoari eusteko asmo garbiarekin zelairatu ziren Sorako mutilak. Sailkapenean beherago eta 2 porrotekin zetorren Zestoaren aurka zuten partida, baina lasaitu ez eta gogor ekin zioten lehen minututik: Urko Ruizen golak aurretik jarri zuen etxeko taldea partida hasi eta berehala, bete-bete zegoen tabernako eta harmailetako ikuslegoaren gozamenerako. Pozak ez zuen asko iraun, ordea, 18. minutuan zestoarrek lortu baitzuten gola. Bigarren zatira arte berdin eutsi eta 1-1 markagailuan joan ziren aldageletara. Hala ere, nabarmentzekoa izan zen Soraren lana, lehen zati osoan zeru garbi eguzkitsua eta haize-bolada gogorrak kontran izan zituzten-eta.
Bigarren zatian, arratsaldeak aurrera egin ahala, etxekoentzat lagungarri izango ziren eguraldi-baldintza horiek segituan desagertu ziren. Abantaila hori barik ere, berdin jarraitu zuten bi taldeek partiduaren bi herenak bete arte. Orduan, erritmoa apur bat jaitsi zuen Sorak, aurkariak aprobetxatu eta bi gol egin zituen jarraian, 59 eta 61. minutuetan.
Partida bukaera aldera Sora gailendu zen jokoan; baina minutu gutxi geratzen ziren, Zestoa ahalik eta jokalari gehienekin babesten hasi zen atzea, eta denbora galtzeko aukera bakoitza aprobetxatu zuten. Gauzak horrela, etxekoek ezin izan zuten gehiago egin eta 1-3 bukatu zen partida.
Orain, taldeok berdinduta daude sailkapenean (6 punturekin) 7. eta 8. postuetan.
Asteburuko partidak
Jubenilen 1. Maila / urriak 12, larunbata 11:00
Gizonezkoen Gorengo maila / urriak 12, larunbata 16:30
Infantilen 1. Maila Mutilak Eskolartekoa / urriak 13, igandea 11:00
Kadete Gorengoa / urriak 13, igandea 16:30