UDALBATZARRA

Edukiontzi marroiak berriro txiparekin

Ubane Madera Zangitu 2024ko urr. 12a, 09:30

Datozen asteotan, berriro ere txipak ipiniko dituzte edukiontzi marroietan. Debabarreneko Mankomunitatea ari da hori gauzatzeko pausoak ematen. Eta aste honetako osoko bilkuran Soraluzeko Udalak onartu egin du mankomunitateari herriko errolda datuak ematea “bio-hondakinen edukiontziak irekitzeko txartelak eskuratzeko”. Unai Larreategi alkateak esandakoaren arabera, txipa berriro jartzearen helburua da “gauzak hobeto egiten hastea”. 

Egueneko osoko bilkuran jakinarazi zenez, datozen asteotan adjudikatuko da edukiontzi marroiei (organikokoei) txip berriak jartzea eta berehala hasiko dira inplementatzen. Erabiltzaileek ere txartel berriak izango dituzte txip berriak martxan jartzen direnerako. Hartara, berriro ere, bosgarren edukiontziak -marroiak- txip bitartez erabili ahal izango dira bakarrik.

Debabarreneko Mankomunitatea arduratuko da aldaketa guztiak egiteaz, baina Soraluzeko Udala joango da gaiari buruzko informazioa ematen.

Unai Larreategi alkateak osoko bilkuran azaldu zuenez, hasieran, “Soraluze nahiko goian zegoen birziklatze-tasetan. Gaur egun, berriz, desastre doa. Badago utzikeria puntu bat bai hemen eta baita inguruko herrietan ere. Orain, Mankomunitateak ahalegina egingo du zentzu horretan eta ea ahalegin horren arrimura gaur egungo datuak hobetzen ditugun”. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Soraluzeko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 699 86 87 29 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @plaentxia kanalera.