UDALBATZARRA

Aldaketak kiroldegiko tarifetan “ahalik eta bazkide gehien erakartzeko xedearekin”

Ubane Madera Zangitu 2024ko urr. 11a, 17:20

Kiroldegiko 2025eko tarifetan aldaketak izango dira. Hala onartu zen atzoko osoko bilkuran, eguena. Kasu horretan, Unai Larreategi alkateak azaldutakoaren arabera, helburua da tarifak ordenatzea eta erabiltzaileen ahalmen irizpidea kontuan hartzea, beti ere, “ahalik eta abonatu gehien erakartzeko xedearekin”. Adibidez, tarifa lauak indartu egingo dira eta zenbait prezio merketu egingo dira bazkideendako.

Zaborren tasarekin batera, datorren urtean kiroldegiko tasetako aldaketak dira 2025eko ordenantza fiskaletan egingo dituzten egokitzapenik nagusienak.

Kiroldegiko tasen kasuan, honako aldaketak ezarriko dituzte:

  • Tarifak sinplifikatu egingo dituzte. Aurrerantzean, urte osoko edo hilabetekako abonuak egin ahalko dira (orain arte urte erdikoa edo osokoa egin zitekeen bakarrik).
  • Ahalmen ekonomikoaren irizpide bateratuak ipini. Orain arte, adibidez, jubilatu eta minusbaliatu guztiek berdin ordaintzen zuten, euren errenta edozein izanda ere, tarifa oso-murriztua zen, gainera. “Orain, errentaren arabera batzuek lehen baino gehixeago eta beste batzuek gutxiago ordaindu beharko dute. Pentsatzen zaigu justuagoa dela, egon erretiratuta edo ez egon, joan behar gara gehiago bakoitzak duenari begiratzen. Nahi duenak hobariak izan, ekarri dezala iazko deklarazioa eta horren arabera izango du eskubidea hobari batzuendako edo ez”, esplikatu zuen Unai Larreategik.
  • Tarifa laua indartzen jarraituko dute. Aurrerantzean, familia bereko bigarren pertsona bat -edo hirugarrena edo laugarrena… apuntatzean %50eko kuota izango du. “Ez dadin inor geratu kanpo bi edo hiru ume izatearren”. 
    Haurren igeriketa kuotetan berdin, %50eko deskontua bigarren haurretik aurrera. “Dirua ez litzateke izan behar familiei atzera eragingo diena, adibidez, umeek igerian ikasteko”.
  • Padel, frontoia eta futbito kantxa tarifen berrordenatzea egin dute. Padel pistari dagokionez, “merketu” egin dute bazkideentzat, “batez ere, bazkideentzat erakargarriago egiteko”. Padela adibidez 2,5€tatik 1€tara jaitsiko dute bazkideko -baina bazkide ez direnek 5 euroan jarraitzen dute-. “Helburua da geroz eta jende gehiago eramatea bazkide egitera”, esplikatu zuen Larreategik.
  • Frontoia eta futbito kantxan ere prezioak jaitsi egingo dituzte, azpiegitura horiek bazkideei eskuragarriago egiteko. “Aste barruan ez da egoten lekurik, baina asteburuetan, udazken-negu garaian, Gabonetan… haur eta gazteak oporretan daudenean, futbito kantxa alokatzea gaur egun gutxiri okurritzen zaie. Eta halakoendako ere ez zegoen oso erakargarri -40 bat euro-, eta hori mugitze aldera, pentsatu dugu akaso bazkide diren horiei aukera eskaintzea bakoitzak euro bana ipinita alokatzeko… Batez ere udazken-negu garaian eta ez dakitenean non egon ba ez izatea eurentzat prezioa atzera eragingo dien kontu bat kantxaz disfrutatu ahal izateko”, esan zuen Larreategik. 

"Inportanteena da eskuragarri egotea"

Alkateak esplikatutakoaren arabera, inguruko herrietan begira ibili ondoren, ikusi dute Soraluzeko kiroldegiko abonuak direla %40 bat merkeagoak. Hala ere, tarifak igo beharrean, nahi dute kiroldegiko erabilera handitu, hartara, handik datozen diru-sarrerak ere handituz. “Ondo dago jakitea non posizionatzen garen, ze zerbitzu aldetik, denetik entzungo da, baina normalean, Plazentziatara kiroldegira datozen kanpotarrek oso ondo baloratzen dute Plazentzian dagoen zerbitzua eta ez gaude esateko moduan gutxi kobratzen dugula zerbitzu okerragoa ematen dugulako. Ez. Zerbitzua ona da. Eta inportanteena da eskuragarri egotea eta gero eta jende gehiago bazkide izatea eta hortik ere lortzea diru-sarrera gehiago, tarifak igotzen ibiltzea baino. Helburua izan behar da ahalik eta herritar gehienek beretzat hartzea kiroldegia”, esan zuen Larreategik.

Kiroldegia balioan jarri

Gaiaren bueltan, Iker Aldazabal EAJ-PNVren bozeramaleak adierazi zuen eurek “ez dutela ezbaian jarriko planteatutakoa”, ikusiko dutela hurrengo urteetan zelan funtzionatzen duten aldaketa horiek. Horrekin batera, onartu zuen orain erabiltzaile gehiago dabilela kiroldegian eta tarifa laua ezartzeak emaitza positiboak ekarri dituela.

Eta Aldazabalek ere balioan jarri nahi izan zuen herriko kiroldegia. “Soraluze moduko 3.800 bizilaguneko herri batendako halako kiroldegia izatea… Hor azkeneko urteetan inbertsio potenteak egin dira. Ea zeinek duen guk dugun igerilekua, gimnasioa, erabilera anitzeko gunea, spinning gela… laster hasiko gara beheko aldagelak zaharberritzen… Apustua egin dugu urteetan edukitzeko azpiegitura ganorazkoak. Hori da denon artean zaindu eta babestu behar duguna. Udal ordezkari moduan pozik gaude. Tasen aldaketak ea zein emaitza ematen duen baina apustua egin behar da ditugun azpiegiturak eta zerbitzuak indartzeko”.