Atzoko osoko bilkuran landutako puntuen artean, 2025eko ordenantza fiskalen aldaketa onartu zuen udalbatzarrak. Hori horrela, EAEko urte arteko KPIaren aldaketaren araberako % 2,6ko igoera orokorra aplikatuko zaie Soraluzeko ordenantza fiskalei. Baina izango dira salbuespenak.
Salbuespenen artean esanguratsuena zaborraren tasa da, %14ko igoera izango baitu etxebizitzek sortutako zabor-tasak, eta, %2,6ko igoera komertzioen eta industriaren tasak.
"Errekurtsoen efizientzia"
Unai Larreategi alkateak azaldu zuenez, besteak beste, zaborraren gestiorako “geroz eta lege zorrotzagoekin” eta “ingurumen perspektiba geroz eta itxiagoekin datoz”.
Horrek dakar “gehiago zaindu beharra, prozedurak konplikatzea” eta halaber, horren ondorioz, “mankomunitateari eta GHKri (Gipuzkoako Hondakinen Kontsorzioa) egiten zaio geroz eta zailagoa prezioetan kontingentzia mantentzea”.
Larreategik azaldu zuenez, egoera horrek eskatzen duena da “batetik, mankomunitateko kide garen heinean hango errekurtsoen efizientzia, herritarrendako, enpresendako eta komertzioendako datorren karga hori ahalik eta txikiena izan dadin, baina baita ere badago gutariko bakoitzak duen konpromisoa birziklatzearekin”.
Herritarren ardura
Azken puntu horretan jarri zuen iparra azpimarratzeko beherakada nabarmena eman dela azkenaldian birziklatze-tasetan, “utzikeria” puntua ere badagoela, bai hemen eta baita inguruko herrietan ere.
“Hori ikusten da azken urteotan, batez ere, organikoko edukiontzia zabaltzen dugunean zer topatzen dugun. Horren ondorioa ere bada. Geuregan ere badago, eta nahia mankomunitatetik ahalik eta zabor bilketa efizienteena lortzea den moduan, guk egiten dugunak urte amaieran ere badu eragina”.
Zentzu horretan, alkateak gogora ekarri zuen badatorrela edukiontzi marroia berriro ere txip bidez ixteko ekimena. Eta esplikatu zuen, besteak beste, hori ondo eginez gero sor daitezkeela aurrezkiak eta" aukerak birziklatzea ondo egiten duen horri, zela edo hala, bonifikazioak emateko”.
"Sortu den beste ordaintzea"
Behin hori esanda eta zaborraren tasarekin segituz, alkateak esplikatu zuen aurtengo nobedade handiena dela legez, 2025etik aurrera, “sortu den beste ordaintzea" zaborraren tasan. Bestela esanda, “bakoitzari dagokion proportzioan” ordaintzea tokatzen zaiola.
Eta hori dela arrazoia zaborren tasa zerbitzu guztietan “uniforme ez” igotzeko. “Planteatzen dena da etxebizitzetan %14ko igoera aplikatzea eta komertzioetan eta industrian, berriz, %2,6ko igoera. Horren arrazoia da komertzioari eta industriari kostatzen zaiona pagatzera heltzen garela kobratzen zaienarekin, baina etxebizitzetan defizitarekin gentozen eta orain hori etxeetara eramango da”.
Oposizioaren abstentzioa
Alkatearen azalpenen ondoren, ordenantza fiskalen gaineko puntua bozkatu eta onartu egin zen oposizioa osatzen duten EAJ-PNVren eta PSE-EEren abstentzioarekin.
EAJko bozeramale Iker Aldazabalek esplikatu zuenez, “gobernuan geundenean erabiltzen genuen irizpide bera erabiltzen da orain ere igoeran. EAEko abuztuko KPIaren bataz bestekoa, %2,6a hain zuzen ere. Hori horrela, abstenitu eta puntuak aurrera egitea ahalbidetuko dugu”.
EAJk "herriaren alde lan gehiago egiteko eskaera
Behin hori esanda, bozeramale jeltzaleak esan zuen zaborraren tasa dela-eta, ezker abertzalearen aldetik “bastante ika-mika” izan direla urteetan.
Horren adibide modura, gogora ekarri zuen 2020an, EAJ-PSE Udal Gobernuan egonda zabor-tasan %2,6ko igoera planteatu zutenean, ezker abertzaletik azalpenak eskatu zitzaizkiola orduan mankomunitatean Soraluzeko udal ordezkari zen Abel Olaizola zinegotziari, esanez, “intzidentzia gehiago” egin behar zuela mankomunitatean.
Hori horrela, Aldazabalek alkateari eskatu zion “berak bere garaian besteei esandakoa” orain berak betetzeko, Larreategi baita Soraluzeko udal ordezkari mankomunitatean.
Aldazabalek esan zuenez, mankomunitatea osatzen duten 8 udalerrietatik gehien Soraluzeri handituko zaio zabor-tasa. “Guk ez dugu ipini behar ezbaian duen kostua erreperkutitu egin behar dela. Baina bai pentsatzen dugu zu ordezkari izanda mankomunitatean, pixka bat herriaren alde lan gehiago egin behar dela”.
Aldazabalek, adibide moduan, jarri zuen Debabarrenean abian daudela zenbait esperientzia pilotu. Adibidez, Mutrikun, ontzi arinak jasotzekoa, Elgoibarren eta Eibarren, berriz, ostalariendako atez atekoa. “Gu prest egoten ginen herrian edozein esperientzia pilotu martxan jartzeko”.
Horrekin batera, Aldazabalek gogora ekarri zuen eurei tokatu izan zaiela plenoan jendea egotea "kristoneko builak sortzen" mankomunitateko igoerarengatik.
PSE-EE-k etxebizitza politikarik eza egotzi dio
Patricia Borinaga sozialistak, bere aldetik, esplikatu zuen alderdi sozialista abstenitu egin zela “udal diru-sarrerak bermatu” egin behar direlako “justizia sozialetik”, eta, uste dutelako gai horrekin ez dela “demagogiarik” egin behar.
Baina gaineratu zuen, euren ustez, tasetan egiten diren bonifikazioek balio dezaketela, baita ere, "bultzada politikoa eman nahi zaien ekimenak bultzatzeko".
Kasu horretan, ordezkari sozialistak esan zuen etxebizitza gaiari ez zaiola batere bultzada politikorik ematen ordenantza fiskalak baliatuta. Borinagak esan zuen eurek zentzu horretan egindako proposamenak ez direla aintzat hartu –etxeak Bizigunen sartzen zituztendako hobariak handitzea, etxe hutsei errekarguak handitzea…- eta oro har, arrazoi horiengatik abstenitu egin direla, batik bat, ordenantzek ez diotelako etxebizitza politikari bultzadarik ematen.
Etxebizitza langai datozen hilabeteetan
Azken puntu horri erantzunez, Unai Larreategi alkateak jakinarazi zuen gaiari buruz Ogasun batzordean berba eginda dutela, “patxadaz” hartu behar direla horiek kontuak, baina hala ere, onartu zuen “pilota hori” euren “teilatuan” dutela eta esan zuen eutsiko diotela gaiari, "erronka" handia dela azpimarratuz.
Zentzu horretan, alkateak esan zuen asmoa dutela herrian dauden etxebizitza aukerak martxan jarri eta dinamizatzeko lanketa egiteko. Horretarako, besteak beste, pertsona bat kontratatuko dute hiru hilabeterako eta horrez aparte, herriko etxebizitzei buruzko diagnostikoa eginda dutela ere esan zuen.