Joan zen bariku arratsaldean, hogeita hamar lagun inguru batu ziren Oreka Art aretoan, Juanjo Altuna Akizu margolariaren “Espacios en construcción” erakusketaren inauguraziora.
Altunak bere margotzeko modua zein den azaldu zien hurreratu zirenei: “Nik espazio batean eraikitzen dut, zerbaiten antza duen ala ez duen begiratu gabe. Niri gustatzen zaidan zerbait eta estetika bat duena, kontrolatuz koloreak eta lerroen arteko oreka. Ahalegintzen naiz minimoarekin maximoa lortzen”.
Ondoren, beste margolari batzuek hartu zuten hitza.
Alberto Ramirez: “Arkitekto bat bere terrenoan”
Alberto Ramirezek geometrian ipini zuen begia: “Juanjo da arkitekto bat bere terrenoan. Berak eraikitzen dituen espazioak dira batzuetan tridimentsionalak. Badago margolan bat, zinetikoa dena, dar-dar egiten duelako, mugitu egiten delako eta bolumenak islatzen dituelako. Sortzen ditu eraikitzen ari diren edifizioak, etxe-orratzak… lasai asko, itxura hori izan dezaketenak. Andamioak, kristalak…”.
Vicente Iriondo: “Niri gogorarazten dit yoga saio bat”
Vicente Iriondo margolari eibartarrak umetako oroitzapen bat ekarri zuen gogora: “Akordatzen naiz nik lau urte nituela, Unzagako monjen ikasle nintzela… Nire ondoan Gutierrez izeneko bat esertzen zela, gerora mediku garrantzitsua izan zena eta harek lerrodun koaderno bat zuen eta orrialde guztiak betetzen zituen lerroak marraztuz. Niri arreta deitzen zidan. Mugimendu hura ia genetikoa zen eta nik uste dut harek lasai sentiarazten zuela, bakean. Horregatik, honek niri gogorarazten dit yoga saio bat. Zuk marrazten dituzu mila lerro, eta harrapatzen duzu espazioa eta denbora. Nik uste arkitektura gerogokoa dela eta hau dela oinarrizkoagoa. Niri asko gustatzen zait”.
Juanjo Altunak ontzat eman zituen interpretazio eta iritzi guztiak: “niri horixe guztatzen zait, bakoitzak izatea bere ikuspegia nire lanekiko”.
Erakusketa hilaren 29ra arte izango da ikusgai, ohi denez, astelehenetik barikura, 19:00eatik 20:00etara bitartean.