Amaitzear da negozio ideia lantzeko edo enpresa-proiektua martxan jartzen laguntzeko Lanbideren dirulaguntzak eskatzeko epea

Erredakzioa 2024ko urr. 10a, 18:01

Debegesa Garapen Agentziak kudeatuko ditu Debabarrenean ekintzaileei zuzendutako dirulaguntzak; eskabideak aurkezteko epea bihar (urriak 11) amaituko da.

Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuak abian du ekintzaileei laguntzeko dirulaguntza deialdia, eta Debabarrenean negozio ideia bat landu edo enpresa-proiektu berria martxan jarri nahi duten herritarrek Debegesaren bitartez egin dezakete eskaera. Bihar amaituko da eskabideak aurkezteko epea.

Dirulaguntzen zenbatekoari dagokionean, negozio ideia lantzeko laguntza, gehienez ere, 1.000 eurokoa izango da (sustatzaile bakoitzeko). Enpresa-proiektu berriak martxan jartzeko, berriz, gehienez ere 1.500 euroko laguntza emango diote sustatzaile bakoitzari. Debegesak zehaztu bezala, "zenbateko hauek %15 handituko dira baldin eta sustatzailea 18 urtetik gorakoa eta 30 urtetik beherakoa bada (eskaera aurkezten duen unean), eta beste %15 emakumezkoa bada".

Laguntza eskatzeko interesa duten herritarrek dokumentazioa Debegesaren bulegoetan aurkeztu behar dute, eta bete beharreko eskabide-orria eskuragarri dago garapen agentziaren webgunean (www.debegesa.eus). Halaber, informazio gehiagorako 943 82 01 10 telefonora deitu edota ekintzaile@debegesa.eus helbide elektronikora idatzi daiteke.