Kirola edo jarduera fisikoa egiteko ohiturak gora egin du herrian, bai behintzat kiroldegiko bazkide kopuruak, inoizko kopuruik handiena gainditu baitu aurten.
Gazteak eta gizonezkoak gehixeago
Generoari erreparatuz gero, datuek erakusten dute emakumezkoen eta gizonezkoen kopurua ia parekoa dela: 498 dira emakumezkoak (%46) eta zertxobait gehiago gizonezkoak, 575 (%54). Datuek erakusten dute adinean gora egin ahala emakumezkoen portzentaia handiagoa dela. Hona datuak: 20 urtetik beherakoak 293 dira (%27) eta 20-39 urte bitartekoak beste hainbeste, 298 (%27). Bi adin tarte horietan, gizonezkoak dira gehiago ia 17 puntuko aldearekin; berrogei urtetik gorakoak 348 dira (%37) eta oso gutxigatik bada ere, adin tarte horretan emakumezkoak gehiago dira, hiru puntuko aldearekin; 60-79 adin tartean, pertsona kopurua nabarmen jaisten da. Guztira, 130 pertsona dira bazkide (%12) eta adin tarte horretan ere emakumezkoak dira gehiago, 11 puntuko aldearekin; azkenik, 80 urtetik gorakoak lau dira, bi gizon eta bi emakume, pareko, beraz.
Tarifa finkoa ikastaroetan
Ikastaroetan izena eman duen jende kopurua ere nabarmen hazi da iaztik. Iazko irailean, 111 pertsona zeuden apuntatuta kiroldegiak eskaintzen zituen ikastaroetan. Ostera, 2023ko urrian, matrikulatzeko sistema aldatu zen eta tarifa finkoa ezarri. Sistema berriak, ikastaro bakarrera inskribatutakoei, kuota bakarra ordainduta gainontzeko ikastaroetarako sarbidea eskaini zien, eta, harrezkero, matrikulak ia bikoiztu egin dira. Gaur egun, 206 pertsona daude matrikulatuta ikastaroren batean.
Gorakada horrek eskaintza handitzeko aukera eman zion kiroldegiari eta 4 ikastaro gehitu zituzten. Orain, hamaika ikastaroren artean aukeratu daiteke: Zunba, pilates, fit boxing, gap-bosu, hipopresiboak, igeriketa, igeriketa hastapena, 3. adina, multifitness, cross training eta aquagym. Ikastaroetan emakumezkoak nabarmen gehiago dira: %79.
Bazkide trukea inguruko kiroldegiekin
Jaurlaritzak eta Foru Aldundiak sustatutako "Mugiment" programaren baitan dago Soraluze 2021. urtetik eta programara atxikitutako beste edozein kiroldegitako instalazioak doan erabiltzeko aukera ematen zaie Soraluzeko kiroldegiko bazkideei —eta alderantziz— Mugiment Kirol Txartela baliatuta.
Kasu honetan ere, datu positiboak jaso dira: 2024. urtean zehar, inguruko kiroldegietatik etorritako abonatuen 751 sarrera erregistratu dira Aranen; gehienak, kanpoan bizi baina Soraluzen lan egiten dutenenak. Era berean, kanpoko instalazioak bisitatu dituzte plazentziatarrek eta, momentuz, 1.244 erabilera egin dituzte beste herrietan. EAEko 179 kirol instalaziorako sarbidea badute ere, gehienak gertuko kiroldegietan izan dira: Eibarren, Elgoibarren eta Bergaran.
Fitness aholkularitza stand by-n
Bada erabiltzaile gutxi izan dituen zerbitzurik ere, esaterako, Fitness Aholkularitza kasu. 2022an ezarri zen lehen aldiz, gimnasioko makinak erabiltzen ikasteko laguntza zerbitzua baina 2024an izan duen erabiltzaile kopuru txikia dela eta, "oraingoz", stand by-n lagatzea erabaki dute, asmoa "berriz martxan ipintzea" bada ere, zerbitzua herritarrentzat "benetan onuragarria" izan daitekeela uste baitute.