Egunero egiten duzue jarduera fisikoa?
Elisa Labaien (E.L.): nik igeri egiten dut eta Osintxura buelta. Igerian astelehenetik barikura eta Osintxutik buelta egunero, domeketan ere bai.
Lorea de Castro (L.C.): nik egunero ez. Eskailerak igo, 10.000 pauso eta hori bai; baina kirola astean hiruzpalau aldiz saiatzen naiz egiten, batzuetan bost bider egiten dut eta bestetan bi. Denetik egiten dut, urte sasoiaren arabera. Udan, gehiago mendira, bizikletan, eta neguan, gehiago barruko ariketa fisikoa, batez ere, gimnasiora.
Zergatik igerian, Elisa? Zelan hasita?
Beti gustatu izan zait. Baina ez nuen aukerarik izan eta ez nuen igerian egin inoiz. Beldur handia nion urari. Baina ikasteko gogoa neukan. 49 urterekin, kiroldegia zabaldu zenean, ikastarora apuntatu nintzen. Gogorra zen, baina behin irakasleak esan zidan: behin, harraskan itoko zara zu. Ez zitzaidan batere gustatu hori. Eta berotasun horrekin, beldurra kendu egin zitzaidan. Eta beldurra kentzen baduzu, igerian ikasten duzu. Harrezkero segi egin diot.
Eta ez duzu bestelakorik egin izan?
70 urterekin ibili nintzen bizikletan bizpahiru urtean. Nire alabak bi bizikleta zahar laga zituen garajean eta galdetu nuen ea ibili nintekeen. Baietz esan eta Bergarara joan-etorria egiten ibili nintzen bizpahiru urtean. Gaztetan pixka bat ibilitakoa nintzen. Urte asko neuzkalako laga nuen. Pentsatzen zitzaidan larregi zela niretzat. Urte asko ibili barik eta… lartxo pentsatzen zitzaidan eta oinezean segitu nuen. Eta bestela, ibili beti egin gara; gizona ez zen geldi egotekoa eta orduan gehiago ibiltzen ginen mendian-eta. Ni bakarrik ere ibili naiz. Zenbat bider egin ote dudan Txurrukako buelta… Beti gustatu izan zait.
Zu, berriz, zelan iritsi zinen gimnasiora, Lorea?
Indar ariketak egitea gustatzen zait. Badaude batzuk aspertu egiten direnak gimnasioan, baina nik oso gustura egiten dut. Eta mendian eta bizikletan ere gustura ibiltzen naiz. Gimnasioan nire kabuz hasi nintzen. Irakurrita, informazio pixka batekin, teknika zaintzen, bestela min hartzea oso erraza da. Hasi nintzen banekielako osasunarendako garrantzitsua zela masa muskularra, batez ere, emakumeen kasuan, adin batetik aurrera osteoporosia prebenitzeko garrantzitsua zela. Horrez gain, orain kiroldegiak ikastaroetarako eskaintzen duen tarifa lauari esker, pilates eta cross training ere egiten dut eta orain dantzan ere eman dut izena.
Bizikletarekin mendian, gimnasioan indar ariketak… korrikan ere ibilitakoa zara…
L.C. Bai, egin izan dut nire bizitzako beste momentu baten, baina ez dut gustuko. Egin izan ditut karrera batzuk, mendiko motzak ere bai, baina ez dut disfrutatzen korrika. Kirol motak tartekatzen joaten naiz. Batekin aspertzen naizenean bestearekin hasten naiz eta horrela. Tarteka betidanik egin izan dut kirola. Orain, jarraian, 12-13 bat urte daramatzat kirola egiten.
Aukera izango bazenute, gustura probatuko zenuketen kirol bat.
E.L. Nik, dagoeneko probatuta ditudanak.
L.C. Nik neguko biatloia. Hori da hondoko eskia eta karabinarekin punteria egitea. Neguan hori ikusten dut Eurosporten, oso gustura ikusten dut. Praktikatzeko, berriz, igerian ondo ikastea ondo legoke. Nire buruarendako erronka, etorkizunerako.
Zuentzat zer da jarduera fisikoa edo kirola horren sarri egiteko?
E.L.: satisfazioa handia. Barruko poza.
L.C.: fisikoki hobeto sentitzen zara kirola egin eta gero, baina mentalki ere bai. Eta gainera, lagunekin egiten baduzu, plus hori ere badauka. Ni, adibidez, mendira bakarrik joaten naiz, baina lagunekin ere bai.
Adina dela-eta, oso errealitate desberdinak bizi dituzue. Elisa, zure kasuan oso ezohikoa izango da norbait (emakume edo gizon) kirolari izatea, ala?
Neuk beste bat bakarrik ezagutzen dut, Lore Alberdi. 91 urte ditu eta lehen astean lau bider etortzen zen igerilekura. Orain, astean hiru bider, ederra meritua! Baina nire adinekorik ez dut beste inor ezagutzen, ez emakumerik, ezta gizonik ere.
Egin izan dizue komentariorik zure adina dela-eta kirola egitearren?
Esan izan dizkidate gauzak: Horrek, igeria-eta gazteen gauzak dira. Eta nik esan nion: nik uste dut zuk eta nik premina handiagoa dugula. Denendako ona da, baina guretzat gehiago.
Igartzen duzu desberdintasunik jarduera fisikoa egitearren Elisa?
Nik esango nuke baietz. Errazago ibiltzen da. Pereza gutxiago mugitzeko. Adibidez, egunero kalean ibiltzeko zalea ez naiz, baina asteburuetan pixka bat irtetea beti gustatu izan zait. Bestela irten, horrelako gauzetara irteten naiz, ibiltzera, igeri egitera… Hori eginda, gustura geratzen naiz. Burua ere hobeto egoten da.
Lorea, zure inguruan, berriz, kirola ohikoagoa da. Baina ohikoagoa beharko zukeen izan?
Niri adinarengatik ez didate komentariorik egin izan, baina bai generoaren inguruan. Adinean aurrera joan ahala, gero eta sedentarioago bihurtzen gara eta horri buelta ematea gehiago kostatzen da. Nire adin bueltako neska asko ez dut ikusten kirola egiten. Akaso jendeak etxean ere egingo du. Baina espazio publikoetan, gimnasioan, pesak egiten dituzten gehienak gizonak izaten dira, gero eta emakume eta neska gazte gehiago ikusten da, baina oso espazio maskulinoa da, uste dut hor badagoela zer aldarrikatu ere bai.
Hortaz, emakume izateak badu eraginik kirola egiterakoan?
Bai, baina ez motibo biologikoengatik, sozialengatik, baizik. Emakume gutxiagok egiten dugu kirola gizonek baino, horren atzetik motibo desberdinak daude eta bakoitzak berarenak jakingo ditu baina sozialki, seguru aski, genero rolen pisu potente bat egongo da. Eta erreferente publiko falta ere badago.
Zuri zer ematen dizu kirolak?
Ongizate fisiko eta mentala. Zure eguna ez da okertuko kirola egin eta gero, hobetu egingo da, beti.
Jarduera fisikoa egitea, bada, gomendagarri ikusten duzue.
E.L. Nik gomendatuko nuke, baina egiten ez dutenek beste zerbait pentsatuko dute-eta… Gauzak desberdin ikusten ditugu. Animatu egingo nituzke, hala ere.
L.C.: Nik uste dut denok egin beharko genukeela, jaten eta arnasten dugun moduan, mugitu egin beharko ginateke.
Zerk lagunduko luke jarduera fisikoa gehiago bultzatzen? Iaztik, adibidez, anbulatoriotik gomendatzen diete hainbat pazienteri, lantoki batzuetan gimnasioak daude…
E.L. Azpiegiturak eskura izateak asko laguntzen du. Anbulatorioan jarduera fisikoa egin beharra dagoela esatea jendearendako abantaila dela pentsatzen dut, batzuei akordatu eragingo die eta beste batzuen kasuan, ba han esanda, beti egongo da jendea aintzakotzat hartzen duela.
L.C. Kirola egiteko gomendioa osasun arazo batengatik bada, askoz ere erosoagoa eta errazagoa da pilula bat hartzea, horrek ez duelako esfortzurik suposatzen. Elikadura zaintzeak edo ariketa fisikoa egunero egiteak, berriz, esfortzua suposatzen du eta jende asko ez dago hori egiteko prest, hala ere, oinarria hori izan beharko litzateke. Lantokietan espazioak egokitzea edo deskantsuak jarri ahal izatea ariketak egin ahal izateko, adibidez, ondo egongo litzateke. Gazteen kasuan, erreferente publikoak eduki ahal izatea oso garrantzitsua da ere. Telebistan dagoen kirola oso maskulinoa da. Azken urteotan, zorionez, pilotan-eta hasi dira emakumeen partidak emititzen, futbolean ere bai, baina orain dela gutxira arte emakumeen kirola olinpiadetan bakarrik ikusten zen, lau urtean behin. Hobetzen goaz, baina oraindik lan handia dago egiteko.
Kirola osasunarengatik ere egiten duzuen moduan, baduzue bestelako ohiturarik osasuna zaintzeko?
E.L. Jana zaintzea asko gustatzen zait.
L.C. niretzat osasunak lau hanka ditu: elikadura, ariketa fisikoa (mugimendua), deskantsua eta emozioen kudeaketa egokia. Lau hanketatik bat ez badago ondo, mahai hori hankamotz dago. Nire ustez, oreka egon behar da lau hanken artean. Nik animatuko nuke jendea kirola egitera eta orokorrean, osasuna zaintzera, beste hanka horiek zaintzera. Eta adina kontuan izan barik. Inoiz ez da berandu. Inbertsio bezala ikusi behar da. Denbora aldetik, egunerokotasunak jan egiten gaitu eta askotan ez dugu momentua topatzen, baina kasik obligazio modura hartu behar da. Ondo elikatzeko, kozinatzeko eta errekaduak egiteko denbora hartzen dugun moduan, kirola egiteko ere bai.