Gaurko elkarretaratzean emandako datuen arabera, “Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Foru Ogasunek 11.601 milioi euroko diru-sarrera fiskalak izan dituzte, iazko aldi berean baino 242 milioi gehiago”.
Gogora ekarri dute aurten, gainera, 1978a baino lehen lan-mutualitateetan kotizatu zuten pentsiodunei itzuli egin zaiela Pertsona Fisikoen Errentaren Gaineko Zergaren bidez orduan ordaindutakoa eta hala ere, horrek ez duela ekarri “eragin larririk 2025eko diru bilketan eta aurrekontuetan”, El Correo egunkariak “aurreikusi” modura.
Gauzak horrela, komunikabide horren jarrera kritikatu dute: “Komunikabide horretako kudeatzaileei ez zaie batere axola pentsiodunek diru hori hartzeko duten legezko eskubidea”.
Beraz, eta datu ekonomikoak ikusita, oro har, uste dute Gasteizko gobernuak ez duela “justifikaziorik gutxieneko pentsioen osagarriaren eskaera bere gain ez hartzeko eta aplikatzeko”.
Beste bi mobilizazio
Elkarretaratzea bukatu aurretik, beste bi mobilizazioren berri eman dute: batetik, urriaren 9an “Osasun publiko eta kalitatezkoaren alde” elkarretaratzeak deitu dituzte eta pentsiodunen mugimenduak babestu egingo ditu; bestetik, gogora ekarri dute urriaren 26an Madrilen mobilizatuko direla Estatu mailako pentsiodunak.