"Giro ona eta anbiente bikaina" izan zen atzoko errugbi topaketan

Ubane Madera Zangitu 2024ko urr. 7a, 10:10

Oso pozik daude SoraGazteak Rugby Klubekoak atzoko errugbi topaketarekin. Kontatu dute “umeak oso gustura” egon zirela, “errugbi oso ona” ikusi zela eta oro har, “giro ona eta anbiente bikaina” izan zirela; beraz, borobil joan zen atzoko errugbi hitzordua. Argazkia: Paulo Couto.

Errugbian jokatu eta lagunartean ederki ibili. Atzo, domeka, biak egin zituzten Ezoziko zelaian izandako 10, 12 eta 14 urtez azpiko errugbi jokalariek, SoraGazteak Rugby Klubaren eskutik antolatutako hiruko lagunartekoan. 

Txingudi-Baztan-Orereta taldeak, Hernani-Atletiko San Sebastian taldeak eta Debarroa taldeak (Soraluze, Arrasate, Eibar eta Mutriku) jokatu zituzten partidak eta oso gustura ibili zirela kontatu du Enekoitz Igartua klubeko kideak. 

“Euri pixka bat egin zuen, baina oro har, eguraldiak errespetatu egin du. Umeak gustura, errugbi oso ona ikusi da…”, dio. Gaineratu duenez, etxeko taldea “egiten ari da” oraindik, beraz, halakoak oso baliagarri zaizkio sendotzeko. 

Osterantzean, “jendea jator” egon zela, “giro ona eta anbientea bikaina” izan zela eta “gurasoak errespetuz” ibili zirela esan du, “oso ondo irten da” ekimena.