marraskilo tour

Aurtengoa ere ederra

Ubane Madera Zangitu 2024ko urr. 6a, 09:31

Antolatzaileak "oso pozik" eta ibilbideko zein amaierako irribarreak ikusita, partaideak ere halaxe ibili ziren Marraskilo Tourren, atzo. Eguraldia lagun, mendizaleen arteko giroa ere halakoxea, ezustekorik gabe eta dena ondo joan zela kontatu dute Soraluze Mendi Taldekoak. Argazkiak: Ander Gomez, Urko Azkorbebeitia eta Ubane Madera.

06:00tako etxafuegoarekin batera, frontalak piztuta, erlojuak martxan, bizkor abiatu ziren mendizale goiztiarrenak ibilbide luzea egitera. 31 izan ziren animoso haiek.

Bi ordu geroago, berriz, atera zen talde handia, ibilbide "txikia" egitera. 122 lagun izan ziren haiek eta bidean gurutzatu ziren goizaldeko seietan abiatu ziren azkarrenekin.

Ordu horretan ya, guztiek San Andres auzotik gorako bidea zuten ipar, 19 kilometro aurretik. Baina, jakitun bidean zain izango zirela anoa puntuak, indarrak berreskuratzeko salda, txorizoa, txokolatea, edatekoak... ezin gutizia gozoagoekin.

Atseden txabola, Irukurutzeta, Karakate...

Bakoitza bere erritmoan, parajeez gozatzen, mendian gora egin eta Irukurutzetara ailegatu ondoren, handik Karakaterako "lautadatik" zehar aurrera egin zuten, eta, gero beherantz, berriro ere irteera puntura ailegatu arte. Han zegoen azken anoa puntua, kamiseta eta guzti opari ematen zuena.

Dena ondo irten zen. Hala esan dute antolatzaileek. Eurak "oso pozik" daudela, eta, eskerronez: "Gure aldetik eskerrak eman parte-hartzaile guztiei eta eguna aurrera ateratzen laguntzen duten lagun guztiei, anoa-guneak antolatzen, martxa ondorengo ibilbide garbiketan, bazkari prestaketan…"

Hori bai, erromararen bat zabalik gelditu zela-eta, gogora ekarri nahi dute halakoak zaindu egin behar direla. "Gogorarazi mendiko itxiturek beren funtzioa dutela eta topatzen diren ate guztiak itxita laga behar direla".