Guztia gertu biharko

Ubane Madera Zangitu 2024ko urr. 4a, 11:00

Bihar, mendizalez beteko dira herriko mendi inguruak, bertan baita Marraskilo Tourren 2024ko edizioa. Internetez, 120 lagunek emanda du izena (topea) eta bihar gehiago apuntatuko dira. Soraluzeko Mendi Taldearen aurreikuspena da, normalean moduan, 150 bat mendizale izango direla partaide. Eguraldia lagun izango dute eta ez da faltako mendi bueltaren ondorengo bazkaria. 

Ekimenaren antolatzaile Soraluzeko Mendi Taldetik jakinarazi dutenez, ibilbideak markatuta daude eta guztia gertu biharko mendizaleak artatzeko. 12-15 bat lagunek jardungo dute lanean; Plaza Barrixan izango dira batzuk eta beste hainbat mendiko anoa puntuetan-eta banatuta. Anoa puntuei dagokienez, lau izango dira ibilbide luzean eta bi, berriz, ibilbide motzean. 

45 emakume eta 75 gizon

Orain arteko izen-ematearen arabera, bihar, 06:00etan, 21 lagun abiatuko dira 35 kilometroko ibilbidea egitera; horietatik hiru dira emakumezkoak.

Jendetsuagoa izango da, berriz, 08:00etan abiatuko den taldea, 19 kilometroko ibilbidea egitera. Oraingoz, 99 lagun dira, horietatik 57 emakumezkoak. Adinari dagokionez, berriz, denetarik dago, umeak, gazteak, helduak zein nagusiak.

Mendizaleek lagun izango dute eguraldia, ateri, behintzat. Euskalmeten arabera, hego haizea ibiliko da eta zerua, tarteka, lainotsu egongo den arren, oskarbi handiak ere izango dira eta tenperaturak gora egingo du.

Zaborra etxera

Bestalde, antolatzaileek gogora ekarri dute Marraskilo Tourren dutela “ahal dan eta zabor gutxien sortzeko ardura”. Horregatik ez dituzte plastiko edo erabilera bakarreko edalontzi eta platerik erabiltzen. Horren erakusle, mendi ibilaldia hasi baino lehen, mendizale bakoitzari baso bat emango diote martxan zehar berrerabil dezan. Ildo beretik, biharko partaideei eskatu diete zikinkeriarik ez botatzeko mendian.