Gipuzkoako eta Nafarroako errugbilari gazteak Ezoziko zelaian izango dira domekan

Ubane Madera Zangitu 2024ko urr. 4a, 09:20

Debarroa taldeko errugbilariak Iruñean, joan den zapatuan. Argazkia: SoraGazteak.

Domekan, errugbi topaketa izango da Ezoziko zelaian SoraGazteak Rugby Klubaren eskutik. Hiruko lagunartekoa jokatuko dute Gipuzkoatik zein Nafarroatik bertaratuko diren 10, 12 eta 14 urtez azpiko errugbilariz osatutako hiru taldek. 10:30ean hasiko dira partidak eta antolatzaileek bertaratzeko gonbita egin die herrikideei. 

Domekan, 10:30ean hasiko da errugbi topaketa. Bi talde izango dira bisitari, Txingudi-Baztan-Orereta taldea eta Hernani-Atletiko San Sebastian taldea; hirugarren taldea, berriz, Debarroak osatuko du, Soraluze, Arrasate, Eibar eta Mutriku artean.  

25-30 bat minutuko partidak jokatuko dituzte elkarren kontra, zelai osoa hartuta. SoraGazteak Klubetik herrikideak animatu nahi dituzte zelai osoko errugbia ikustera.

Liga zein lagunartekoak

Osterantzean, SoraGazteak Rugby Klubetik jakinarazi dutenez, domeka honetan hasiko dute 2024-2025 Liga 10 eta 12 urtez azpikoek; Hondarribian jokatuko du lehen partida, hondartzan, Arrasateren eta Soraluzeren artean osatutako taldeak.

14 urtez azpikoei dagokienez, berriz, Liga hasi ez duten arren, aurre-denboraldiko hiruko lagunartekoetan daude murgilduta. Halako lautan parte hartuko dute. Joan den zapatuan, esaterako, Iruñean izan ziren eta etxekoen zein Zarautzen kontra jokatu zuten. SoraGazteak Klubekoak oso pozik bueltatu dira esperientziarekin; kontatu dutenez, “oso harreman ona” sortu zen jokalari gazteen artean, “bai barruan zein kanpoan, denok harrituta geratu ginen”, dio Enekoitz Igartuak.