Elgoibarko Gabriel Krutzelaegi kalean dago Eskualdeko Nekazaritza Bulego berria. Gipuzkoako Foru Aldundiaren Nekazaritza Sailaren menpe dago zerbitzu hori.
Altak, bajak, laguntzak...
Gaur inauguratu dute bulegoa eta Gipuzkoako Foru Aldunditik esan dutenez, zerbitzua izango da “ustiategien erregistroari, gidekin lotutako izapideei, animalien altei eta bajei buruzko gestioei erantzuteko”.
Horrekin batera, “eskura dauden laguntzei eta horiek eskatzeko moduari buruzko informazioa emango du. Gainera, gune horretan bertan Debemenen, Debabarrenek Landa Garapenerako Elkartearen bulegoak egongo dira”.
Datutan, eskualdeko 1.600 ustiategi baino gehiago artatuko dituztela aditzera eman dute.
Inaugurazio ekitaldian, besteak beste, Lurralde Oreka Berdeko Foru Diputatu Xabier Arruti eta Elgoibarko alkate Maialen Gurrutxaga izan dira erakundeetako ordezkari modura. Haiekin batera izan da, bestelakoen artean, Irukurutzeta Fundazioko kide Julian Ezenarro.