Plaentxi Herri Eskolan hasi berri dituzten obrak direla-eta, Soraluzeko Eusko Alderdi Jeltzalearen udal taldeko bozeramaile Iker Aldazabalek prentsa ohar bitartez azpimarratu du “aurreko agintaldian,Ikastetxeko zuzendaritzarekin eta Eusko Jaurlaritzako Hezkuntzako departamentuarekin elkarlanean adostutako eraikinari irisgarritasuna bermatzeko proiektua” dela “epe motzean errealitate bilakatuko dena ikastetxeko erabiltzaile guztien mesederako”.
Irisgarritasun proiektuaren garrantzia nabarmenduz, EAJtik adierazi dute “eraikiko den igogailu panoramikoari esker, eraikinaren irisgarritasunaren hobekuntza integrala gauzatu eta bermatuko” dela, “ikastetxeak dituen solairu desberdinekin lotuko dituen kanpoko pasabide bitartez”.
Xehetasunen arabera, obra horren baitan, “eraikineko atariko ateak aldatuko dira sarrerako barrualdea eta gaur egun zuzendaritza-bulegoa dagoen espazioa eraberrituz” eta “jantokiaren barruko irisgarritasuna hobetuko da, gaur egungo eskailera bertikala kenduta, beheko solairuan dagoen patioarekin lotuko duen eskailera zabalago baten bitartez”. Aurrekontuari dagokionez, berriz, jeltzaleek gogora ekarri dute 777.809,16 eurokoa dela Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailak obra horretan egingo duen inbertsioa.
Datozen obrak
Bestalde, Plaentxi Herri Eskolako obra baliatuz, Iker Aldazabal bozeramale jeltzaleak gogora ekarri du hastear dauden beste lau proiektu ere “aurreko agintaldian landutakoak”, direla. Honakoak, hain justu:
- “Gabolatseko zubi berria. 1.888.603,08 eurotako inbertsioa suposatuko du eta Eusko Jaurlaritzako Uraren euskal agentziak finantzatuko du. Lanei urrian emango zaie hasiera.
- Kiroldegiko sotoan dauden aldagelak ere zaharberrituko dira. Zaharberritze lanek 138.000 eurotako inbertsioa suposatuko dute. Lanei urrian emango zaie hasiera.
- Ezozibide auzoko urbanizazio lanak. 883.000 eurotako inbertsioa suposatuko dute. Ezozibideko biribilgunetik, Ezozibidea 34.zenbaki arteko eremua zahar berrituko da. Lanei hasiera 2025. urteko lehen hilabeteetan emango zaie”.
- Kalebarren 24 eraikinaren eraisketa eta ibaiarekin lotuko duen harmaila berriak eraikitzeko proiektua. 443.730,45 eurotako inbertsioa suposatuko du. Lanei hasiera emateko epea oraindik ez dago zehaztuta".