Aste honetan, pentsiodunen mugimenduak Euskal Herrian “pertsona ahulenek bizi duten egoeraz” dagoen “kezka sakona” partekatu zuen Plaza Barrixan egindako elkarretaratzean.
Salatu zutenez, nagusi asko “laguntza zentroen eta etxez etxeko laguntza zerbitzuen erabiltzaileak” dira, “gutxieneko pentsio miserableak nahikoa ez direlako eta oinarrizko zerbitzu publikoen murrizketengatik, pribatizazioagatik eta garestitzeagatik”.
"Bizitzeko besteko pentsioak"
Horrekin batera, oro har, “koordinazio soziosanitariorik eza” salatu zuten eta egoitza-zentroetan unitate sozio-geriatrikoak eta soziosanitarioak nahitaezkoak izatea eskatu” zuten.
Zentzu horretan, administrazioei “exijitu” zieten “beste alde batera begiratzeari uzteko, eta, elkarrizketaren eta gizarte-eragileen parte-hartzearekin batera, zaintza publiko unibertsal, hurbil, duin eta kalitatezkoaren eredua bultzatzeko”. Eta noski, “pentsio publiko duin eta bizitzeko bestekoak” eskatu zituzten, “pertsona guztiok bizi-baldintza duinak izan ditzagun”.