Atzo, zapatua, Sorako benjaminen eskutik zelairatu ziren taldeko nagusienak 2024-2025 Ligan, etxean jokatu zuten lehen partidan.
Talde gazte eta berria zen, ekipoan izandako aldaketak tarteko, oraindik elkar ezagutzen dabilena, baina jokalarien arteko konplizitatea eta babesa ere transmititu zuena.
Minutu bateko isilunea egin zuten hasi aurretik, uztailean hil zen Moises Altuna Sorako fundatzaileetako bat izandakoaren alde, haren senitartekoak harmailetan eta zutik zirela.
Kontrako gola
Ondoren hasi zen partida, oker samar etxekoendako, segituan sartu baitzuten azpeitiarrek gola, atzeko aldean izandako deskuidu bat tarteko.
Edozelan ere, laster erreakzionatu zuten etxekoek, gol gosea sumatzen zitzaien, are gehiago etxean jokatuta, eta, Aitor Estevez kapitain berriaren eskutik etorri zen berdinketa.
Hortik aurrera, atsedenera bitartean, apur bat amatatuta jokatu zuen Sorak, baina azpeitiarrak ere antzera samar ibili ziren eta berdinketarekin joan ziren atsedenera.
Penaltia
Bigarren zatian, berriz, indarberrituta zelairatu ziren etxekoak eta bi ekipoak pareko samar ibili ziren arren, gogo eta ahalegin handiagoak antzematen zitzaizkien Sorakoei. Sortu ere sortu zituzten markagailuan aurretik jartzeko aukerak, baina partidaren 90 minutuak betetzeko hiruzpalau minutu falta zirela, oraindik berdinketarekin segitzen zuten.
Justu orduan, falta baten jaurtiketaren bueltan, areako izkina batean Soraren aldeko penaltia seinalatu zuten arbitroak. Beñat Goenagak hartu zuen hura jaurtitzeko ardura eta hiru zutoinen barruan sartu zuen baloia, zaleen gozamenerako.
Hortik gutxira, partidaren luzapen laburra eginda amaitu zen norgehiagoka eta etxekoak aurtengo lehen garaipena poltsikoratuta erretiratu ziren.