TALDE GUZTIAK ARGAZKITAN

Dotore eta harro Soraren aurkezpenean

Ubane Madera Zangitu 2024ko ira. 29a, 16:38

Atzo, Soraluze Futbol Taldeak 2024-2025 denboraldian izango dituen 10 taldeak aurkeztu zituen Ezoziko Futbol Zelaian. Harmailak beteta zirela, txikitik handira zelairatu ziren jokalariak eta aurkezpenerako dotore eta harro jarri ziren norbere taldearekin, 180 jokalari guztira, 22 entrenatzailerekin. Aurkezpenean azpimarratu zuten moduan, aurten ere, helburua da “jokalari guztiek” jokatzea, “eta irabaztea, baina ez edozein modutan, errespetuz eta baloreak zainduz”. 

Benjaminetatik hasi eta Erregional Preferenteraino, 10 talde ditu aurtengo denboraldian Sorak. Iaz baino gehiago dira, Infantiletan eta Kadeteetan bina talde baitaude. Izan ere, herrikoekin batera, inguruko herrietatik etorritako jokalari gazteak ere onartu dituzte Soran. 

Helburua da, hain justu, Sora osatzen duten “jokalari guztiek” jokatzea “eta irabaztea, baina ez edozein modutan, errespetuz eta baloreak zainduz”, azpimarratu zuen aurkezpen ekitaldian Iraultz Arluziaga Sorako zuzendaritzako kideak, gogora ekartzeaz bat, balore horiek paneletan ere jaso dituztela eta zelaietako harmailen parean ipini, guztiek ikusi eta errespeta ditzaten. 

Entrenatzaile, delegatu, bazkide, babesle, komertzio, enpresa Udalari eta Errealari eskerrak eman zizkieten, Sorari ematen dioten laguntzarengatik.