Txikitin kamioia Plaza Barrixan ipintzeaz bat, Soraluzeko Udalak ekipoari emandako babesa eskertzeko oparia eman diote Unai Larreategi Soraluzeko alkateari, herriaren argazki bat eta Saharako zein Abu Dabiko basamortuetako harez betetako potetxoa.
Dakar Rallyan
Izan ere, hantxe ibili da gaur Soraluzen ikusgai izango den kamioia. Urte hasieran parte hartu zuen Dakar Rally entzutetsuan, urtarrilaren 1etik 19ra bitartean, Fernando Garcia Sagasta (Soraluze, 1959), Ignacio Corcuera Livingston pilotua (Bilbo, 1963) eta David Naveira Hernandez (Zalla, 1980) kopilotuarekin, Euskadi 4X4 ekipoa osatuz.
Iluntzean, 19:00etan, han bizi izandakoak bertatik bertara partekatuko dituzte hiru lagunek soraluzetarrekin, KLB8an eskainiko duten hitzaldian. Bien bitartean, kamioia Plaza Barrixan egongo da, nahi duenak barrutik zein kanpotik ikus dezan.
Suhiltzaileena
"Kamioia Unimog Mercedes bat da; elurra kentzeko kamioia izan da eta trenbideetatik ere ibili izan da lan hori egiten. Elurra kentzeari laga zionean, Madrilgo suhiltzaileek erabili zuten haien autoeskolan eta autoeskolako jabea erretiratu zenean, Livingstonek erosi zuen. Bi hilabete eman ditugu kamioia prestatzen. Lanetik, Garajes Garciatik 19:00etan irten eta sarri etxera gauerdian edo beranduago bueltatzen ibili gara; gaupasaren bat zein beste ere egin dugu. Gure kamioia makina ikusgarria da, alemaniarra, 8 abiadura ditu, segurtasun arkua, motor traktorea... Hala ere, gure garajean, kamioiak handia zirudien, baina besteekin ikusi genuenean, konturatu ginen txikia zela; horregatik jarri diogu Txikitin, esplikatu zuen Fernando Garciak Dakar Rallyra joan bezperan.