Lanbide Arteko Gutxieneko Soldataren pareko pentsioak aldarri

Ubane Madera Zangitu 2024ko ira. 27a, 09:53

Atzo, eguena, Herri Ekimen Legegilea erregistratu zuen Legebiltzarrean Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak. Haren bitartez, Eusko Jaurlaritzak gutxieneko pentsioak osa ditzala eskatu dute. Hain zuzen, nahi dute gutxieneko pentsioa LGSarekin parekatu arteko osagarria jartzea EAEko gobernuak. Eskaera sartu bitartean, Legebiltzarraren kanpoan elkarretaratzea egin zuten Gasteizera joan ziren herritarrek, Soraluzeko ordezkaritza tarteko.

Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak (EHPM) aldarrikatzen duena da Lanbide Arteko Gutxieneko Soldataren (LGS) pareko gutxieneko pentsioak. Eskaera hori oinarritu du beharrezko diru-sarreren gainean Europako karta-sozialean jasotakoan, hau da, batez besteko soldataren %60a dela beharrezko gutxieneko diru-sarrera.

Bada, gaur egungo pentsioak kopuru horretara arte ailega daitezen, EHPMk uste du Eusko Jaurlaritzak jarri behar duela beharrezkoa den diru-kopuru osagarria eta hori eskatu zuten atzo, eguena, Herri Ekimen Legegilea Legebiltzarrean erregistratuz, Eusko Legebiltzarrak araudi propioa eztabaidatu eta onartu dezala eskatu dute, hain zuzen. 

Argazkiak: pentsiodunen mugimendua.