Zapatuan, futbolariz eta futbol zalez beteko da Ezoziko Futbol Zelaia. 15:30ean hasita, aurtengo denboraldian Sora osatuko duten taldeak aurkeztuko dituzte. Ikusgarria izango da ekitaldia, Futbol Eskolatik hasita Erregional Preferenteraino, 10 talde baititu Sorak, 180 bat jokalari, eta, entrenatzaileak, delegatuak eta bestelakoak batuta, 200 bat lagunek osatuko du aurten Soraluze Futbol Taldea.
Aurkezpen ekitaldian, banan-banan zelairatuko dira guztiak, norbere entrenatzaile eta delegatuez lagunduta. Aurten zenbait berritasun izango dira txikienen entrenatzaileen artean. Gainontzekoan, iazko filosofiari eutsita, talde bakoitzean bina entrenatzaile izaten ahalegindu dira.
Honakoek osatuko dute Sorako aurtengo entrenatzaile-taldea:
- Benjamin 1 : Unax Sodupe eta Aiert Losada.
- Benjamin 2 : Naroa Zubiaurre eta Ane Fidalgo.
- Alebin 1: Aitor Estevez
- Alebin 2 : Julen Gabilondo eta Manex Osinaga
- Futbol Eskolako koordinatzaile: Mikel Calvo.
- Infantil B: Asier Gomez eta Alain Yanguas
- Infantil A: Iker Urkiri eta Lander Zubizarreta.
- Kadete lehen maila: Eneko Felix eta Victor Perez.
- Kadete gorengoa: Aitor Gomez Tita eta Aitor Barrutia.
- Jubenilak: Jokin Arrillaga, Antxon Zubiaurre eta Auritz Oregi
- Erregional Preferente: Ibon Leibar entrenatzailea, Oier Ariznabarreta Bosko laguntzailea eta Borja San Jose delegatua.
- Futbol Eskolako Atezainen entrenatzailea: Ion Urdangarin.
Partida eta denda
Aurkezpena amaitu ondoren, Erregional Preferente mailakoek partida jokatuko dute, Azpeitiko Ikasberriren kontra. 17:00etan hasiko da, baina lehenengo minutu bateko isilunea egingo dute, uztailean hil zen Moises Altunaren alde, Sorako fundatzaileetako bat izan baitzen bera.
Partidari dagokionez, Ibon Leibar bergararra entrenatzaile berriak gidatuko du, Oier Ariznabarreta Bosko laguntzaile duela. 2024-2025 ligako bigarren jardunaldia izango da zapatukoa; aurreko asteburuan 0-3 galdu zuten Sorakoek.
Aurkezpen ekitaldian, Sorako materiala erosi ahal izango da, sudaderak, kamisetak, txapelak, bufandak, banderak eta beste.