Soraluzeko Euskaltegiak ikasturteari ekingo dio aurki, eta horren harira, aurtengo eskaintza berri eman eta herritarrak ikastera animatzeko, aurkezpena egin dute Iker Uzin Euskara zinegotziak, Mikel Leunda Euskara Teknikariak, Arianne Unamuno Pil-pilean Euskaltzaleen Elkarteko kideak eta Iñaki Korta euskaltegiko irakasleak.
Urtero moduan, hurrengo ikasturtean ere eskaintza "zabala" izango dela azaldu dute, maila guztiak eskainiko baitituzte, A1tik hasi eta C2raino. Zehazki, ondorengoak dira eskainiko diren ikastaroak:
- Euskalduntze orokorra (aurrez aurrekoa edo autoikaskuntza): A1, A2, B1, B2, C1 (EGA) eta C2 mailak.
- Xede bereziko ikastaroak: Gurasoak, etorri berriak, dentari/ostalariak.
- Hizkuntza eskakizunak: IVAP, HABE, Osakidetza.
Praktikan, debalde
Udalak euskaraz ikasteko ematen dituen laguntzei esker, ikasle gehienek %100eko dirulaguntza jasotzen dute eta ondorioz, praktikan, gehienek debalde ikasteko aukera dute. Dena den, laguntzak errentaren araberakoak dira eta laugarren mailako errenta dutenen kasuan, laguntzak matrikularen kostuaren %50erainokoak izaten dira eta azken honetan ere, guraso edo dendari direnek, %100eko laguntza jasotzen dute.
Izen-ematea eta informazioa
Izen-ematea egin edo ikastaroei buruzko informazio gehiago lortzeko zuzenean euskaltegirajo daiteke (liburutegi parean) : astearte, asteazken edo ostegunetan, 18:00-20:00 bitartean. Bestela, telefonoz ere deitu daiteke 943 75 11 43 zenbakira, goizez zein arratsaldez. Informazio gehiago: www.aek.eus/eu/ikastaroak helbidean.
Gogoratu izena emateko epea irailaren 30ean amaituko dela.