Laurogeiren bat lagun batu ziren domeka eguerdian Karakaten, bertan Asier Heriz eta Iñaki Saezen oroimenez landatuta dagoen pagoaren aurrean. Ekitaldian, ohorezko aurreskua, bertsoa eta kantuarekin batera, lore eskaintza ere egin zuten eta krabelinak laga zituzten pagoaren azpian.
Memoria eta aitortza aldarri
Larraitz Lakuesta Sortuko kideak mezu politikoa irakurri zuen. Bertan, nabarmendu zuen "zorionez, dispertsio eta urrunketa politika amaitzea lortu" dutela eta "memoria osoa" eskatu zuen: "Lehen mailako eta bigarren mailako biktimak bereiziz, nekez eraikiko da elkarbizitzarik. Memoria osoa behar dugu eta dispertsioaren biktimak biktima gisa aitortuak izatea". Ildo horretan, "estatu terrorismoaren biktimen eta torturatuen aitortzarako bidea urratzen hasiak" direla nabarmendu zuen", oraindik pausoak apalak badira ere". Bide horretan segitzeko deia egin zuen "elkarbizitzan aurrera egiteko".