Orain dela sei urte, besteak beste, 1.080 euroko gutxieneko pentsioa lortzeko protestak hasi zituzten pentsiodunen mugimenduek, tartean Soraluzekoak.
Aldarrikapen hori Espainiako Gobernutik ez dela lortzen ikusita baina ezinbestekoa dela iritzita, aurrerantzean, Legebiltzarrean jarriko du iparra Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak eta Herri Ekimen Legegilea aurkeztuko du EAEko bizilagunen gutxieneko pentsioak 1.080 eurokoak izan daitezela bermatuko duen osagarria eskatzeko.
"Genero-arrakala murriztu"
Atzoko elkarretaratzean jakinarazi zutenez, eskatuko duten osagarria “egiturazkoa” da, “ez puntuala edo aldi baterakoa”. Azpimarratu zuten “pentsiodunaren eskubidea” dela, “bizikidetza-unitatearen diru-sarrerek mugatzen ez dutena”.
Eta gaineratutakoaren arabera, “osagarri horrek ez du lan egiteko ezinduta dagoen pentsioduna kanpoan uzten, ezta kotizaziopeko eta kotizazio gabeko pentsioa jasotzen duen pentsioduna ere. Osagarri horrek genero-arrakala murrizten laguntzen du, bertan sartzen baitira pentsioa eskuratzeko garaian ugalketa- eta zaintza-lanetan lan egindako urteak aitortuta ez dituzten emakumeak”.
Herri Ekimen Legegilea irailaren 26an, eguena, aurkeztuko dute Legebiltzarrean eta haren bueltan, elkarretaratzea deitu dute egun berean Legebiltzarraren aurrean, 11:00etan, “aurkezpenari babesa emateko”.