Barikuan, Araneko frontoian izan ziren ikusle apurrek eskuz binakako benetan entretenigarria ikusi ahal izan zuten. Soraluzetik Manex Balerdi eta Ander Etxaniz kantxaratu ziren, bergararrak aurrerantzean etxe izango duen frontoian debuta eginez. Alegiatik, berriz, Aratz Irazustabarrena eta Harkaitz Murua izan ziren bikote. Ordubete pasako partida jokatu zuten, batak besteari aurrea hartu orduko atzetik etorri baitzen bestea.
Bi bikoteak pareko
Balerdik bere estilo gogorrean jokatu zuten, luze eta pilota biziekin ere bai. Baina Irazustabarrenak gehienak jaso egiten zizkion. Aurrean, berriz, Harkaitz Muruak, gaztea izan arren, pilotan bazuela eskarmentua erakutsi eta Ander Etxanizen jokoa mugatu zuen.
Hala ere, Soraluzeko ordezkariak 19-15 jarri ziren aurretik. Alegiarrek, ordea, eutsi eta tantoka-tantoka tartea murrizten joan ziren, eurek aurrea hartu zuten arte. Azkenean, 20-22 eginda, Intxurre elkartera joan zen lehen garaipena.
Gipuzkoako Eskuz Binakako Txapelketaren bigarren jardunaldia datorren asteburuan jokatuko dute. Soraluzeko ordezkariek Azpeitian izango dute partida, Ilunpe elkarteko bikotearen kontra.