Udane Juaristi (Azkoitia, 1985) artistaren lanak dira udazkeneko lehen erakusketan Oreka Art Aretoan ikusgai izango direnak. Juaristik teknika eta tamaina desberdinetako margolanak ekarri ditu Soraluzera; eta, tartean, ikus daiteke azkoitiarra bere ibilbide profesionalean lehen pausoak ematen ari zeneko obra berezi bat ere, Alberto Ramirezek urte batzuk lehenago Juaristiri berari erosi eta gaurdaino gorde duena.
Pintzela eta kamera lagun
Obrak sortzeko prozesuan, argazkietatik abiatu ohi da: Kamera eskuan hartuta, hiriguneetan barrena murgildu eta oinezkoen eguneroko uneak jasotzen ditu. Gero, ostera, eszena horiek paperean, oihalean edota hormetan margo bidez irudikatzen dituenean, errealitatetik ihes egiteko joera du: pintzelkada lodiekin, collage-aren bitartez, irudiak zuri-belzten... eta batez ere, gustatzen zaio detaile konkretuak kolore bizi-biziz nabarmentzea.
Herrira datozen artista gehienek bezala, erakusketara "denetik apur bat" ekarri du, eta estilo eta tamaina guztietako obren adibideak ikus daitezke —han eta hemen margotu ohi dituen mural erraldoienak izan ezik, noski—.
Gaztearen "freskotasuna"
Orain arte, Oreka Art galeriatik pasa den artistarik gazteena izan da Juaristi eta, horri loturik, bere obraren "freskotasuna" nabarmendu zuen bai Alberto Ramirez galeristak eta baita inaugaraziora bertaratu ziren beste zenbaitek ere.
Ramirezek, etorkizunean, "halako profila duten artista gehiago" ekartzeko asmoa adierazi zuen, "publiko gaztea erakarri" eta eurengan "arterako grina piztea" gogoan.