40 bat herritarrek bat egin zuten pentsio publiko duinen aldeko ikasturteko lehen elkarretaratzean, herenegun, astelehena. Bi puntu izan ziren nagusi.
Legebiltzarrean
Batetik, Soraluzeko Pentsiodunen mugimenduko kideek jakinarazi zuten Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) pentsio publikoen osagarriarekin lotuta “garrantzia sozial handiko ekimen bat” adostu dutela eta hura, irailaren 26an plazaratuko dutela, “xehe-xehe azalduta”, prentsaurreko bitartez, Gasteizko Legebiltzarrean. Hura babesteko elkarretaratzea ere egingo dute.
Horrekin batera, gaineratu zuten aldez aurretik, irailaren 16an, “plaza guztietako elkarretaratzeetan ekimen horren aurrerapen bat” egingo dutela, “aurkezpenari babesa emateak duen garrantzia azpimarratzeaz bat”.
Erretiroa atzeratzearen kaltea
Bestetik, asteleheneko protestan hizpide izan zuten, baita ere, erretiro adina atzeratzeak osasunean eragiten duen kaltea. Esplikatu zutenez, “azterlan baten arabera, lan-irteera urtebete atzeratzeak nabarmen handitzen du 60 eta 69 urte bitartean lehenago hiltzeko arriskua, batez ere fisikoki zorrotzagoak diren eta estres emozional eta mental handiagoa duten lanbideetan”.
Hori horrela, “erretiroa 65 urterekin berreskuratzeko” eskakizuna egiteaz batera, uste dute “ezinbestekoa” dela “gaur egun arte ezarritakoak baino erretiro-neurri goiztiarragoak ezartzea”.