Uztailean, behera egiten segitu du langabeziak

Ubane Madera Zangitu 2024ko abu. 12a, 09:20

Iazko langabezia daturik onena bi puntutan gainditu egin du pasa berri den uztailean neurtu dutenak. Datu hori eta orain artekoak kontuan hartuta, azken urteotako daturik onenak ematen ari da 2024a. Udan eta bigarren hilabetez jarraian, %11tik beherako tasa neurtu dute Soraluzen, eta Eibarrekin batera, urte hasieratik, beheranzko joera duten udalerri bakarrak dira Debabarrenean

2022ko uztailean, Soraluzeko langabezia tasa %12tik jaitsi egin zen eta notizia izan zen hori. Baina harrezkero, gorabeherak izan eta %12ko langa gainditu egin du behin eta berriro, %14ko tasa ere gaindituta.

Bada, aurten, urte hasieratik izan du beheranzko joera herriko langabezia tasak eta orain, bigarren hilabetez jarraian %10etik beherakoa neurtu dute, azken urteotako daturik onena.

Eibarren eta Soraluzen behera

Gainera, eskualdeko joerari erreparatuta, esan beharra dago Eibar eta Soraluze direla Debabarrenean urte hasieratik hona beheranzko joera duten udalerri bakarrak. Hori bai, biek ala biek dute eskualdeko tasarik altuenak eta biek bakarrik gainditzen dute %10eko langabezia tasa, EAEko batez bestekoarekin alderatuta ( %7-8) tasa altuagoa, beraz.

Osterantzean, uztailean, Mendaron izan ezik –han berdin geratu da-, Debabarreneko gainerako udalerri guztietan egin du behera langabeziak eta eskualdeko batez bestekoaren arabera, eskualde osoan ere bai, bai uztailean eta baita 204 osoan ere.

Datuak herriz herri

Hona hemen uztaileko datuak herriz herri:

  • Deba    166         %6,29
  • Eibar   1.524       %12,16
  • Elgoibar  476      %8,92
  • Mendaro  80       %8,10
  • Mutriku   173       %6,59
  • Soraluze   183      %10,47
  • Debabarrena   2.602      %10,06