Euskal presoak, iheslariak eta deportatuak etxeratzea eskatu zuten hondartzetan

Ubane Madera Zangitu 2024ko abu. 5a, 13:05

Atzo, Hego Euskal Herriko sei hondartzatan euskal presoen aldeko aldarrikapena egin zuten ehunka herritarrek, tartean Mutrikun; hantxe izan ziren hainbat soraluzetar. Etxerat elkarteak deitutako ekimena izan zen baina aurten, Sare mugimendua ere batu da. Elkarrekin plazaratu zuten “ gatazkaren konponbideari behingoz ateak ixteko euskal gizarteak duen beharra”, eta azpimarratu zuten “kosta ala kosta lortuko” dutela. Bideoa eta argazkia: Soraluzeko Sare.

Atzo, domeka, Mutrikuko, Orioko, Donostiako, Bakioko, Laidako eta Lekeitioko hondartzak euskal presoen eskubideen aldarrikapen-gune bilakatu ziren. Etxeratek deituta eta Sarek babestuta, ehunka herritarrek erantzun zioten deialdiari.

Soraluzetarrak Mutrikun elkartu ziren 12:00etan eta giza katea egin zuten itsasoari begira beste ehunka euskal herritarrekin batera.

Sarek eta Etxeratek prentsa oharra argitaratu zuten, eta bertan helburua zein den zehaztu zuten: “Dispertsioari amaiera ematea lortu genuen bide beretik lortuko dugu etxeratze prozesua bukaeraraino gauzatzea. Gaur Bakio, Laida, Lekeitio, Mutriku, Orio eta Donostiako hondartzetan, gazte zein heldu, herri honetan gertaturiko gatazkak utzi dituen ondorioen konponbidea beharrezkoa dela aldarrikatzeko elkartu gara. Aldarrikatzeko baina eskatzeko ere bai, euskal gizarteak aurrera egin behar duela eskatzeko: gatazkaren ondorioen konponbide prozesuari aterabidea ematea beharrezko dela eta elkarbizitzari ateak irekitzeko unea dela aldarrikatzeko", esan dute.

Presoen eskubideen elkarte horien ustetan, azken hamarkada honetan "euskal jendarteak argi utzi du gatazkaren ondorioei aterabide osoa emateko duen prestutasuna": "Elkarbizitza sendoa eraikitzeko, sufrimendu guztiekin amaitu behar da: preso, iheslari eta deportatuen auziari behin betiko aterabidea eman, eta herri honetan bizitako biolentzia guztien biktimen mina aitortu. Zentzu horretan, egun indarrean dagoen eta zigorra/sufrimendua behar baino gehiago luzatzen duen salbuespen legedia indargabetzea behar bat da konponbiderako".

Elkarteek azpimarratu dute badela garaia "etxera errebindikazio bat izatetik denon lorpen izatera pasatzeko. Aurrerapauso bat, denok pozik sentiaraziko gaituena, denok irabazle eginen gaituena". Beren ustez, "denok gara irabazle eskubideen urraketa bukatzen denean; denok gara irabazle salbuespen eta mendeku politikak bukatzen direnean; denok irabazten dugu ekuazio politikotik kanpo sufrimendua uzten dugunean, atea zabalik utzita elkarbizitzaren agertokietara, memoria inklusiboaren agertokietara, berriz elkartzeko agertokietara”.