Herenegungo osoko bilkuran, batik bat, tramitezko gaiak izan zituzten aztergai, aldez aurretik Udal Gobernuaren eta oposizioaren artean adostutakoak eta alkateak esandako moduan, “korapilo gabeko” bilkura izan zen. Guztira, 18 gai landu zituzten baina batzarrak apenas iraun zituen 25 minutu.
Onartutako puntu nagusienetako bat, udal langileei soldata igotzea izan zen; Eudelek proposatutako %2ko igoera. Osokoan azaldu zutenaren arabera, soldatei beste %0,5eko igoera aplikatzea falta da, KPIari dagokiona, eta, ondorioz, datozen hilabeteotan berriro ere osoko bilkurara eramango dute gaia.
Dirulaguntza gehigarriak Ezozibidean
Bestalde, Ezozibideko obrekin lotutako puntu asko onartu ziren atzoko osokoan, horiek ere tramitezkoak.
Batetik, zoru publikoa "desafektatzea" onartu zuten, Ezozibidea 20tik 32ra arteko atarietan igogailuak eraiki ahal izateko.
Bestetik, obra horietarako dirulaguntzak doitzea ere onartu zuten. Unai Larreategi alkateak esplikatu zuenez, igogailuak eraiki ahal izateko, zenbait kasutan, komunitateek garajeak-eta erosi behar izan dituzte eta ondorioz, gastua handitu behar izan dute eta horri erantzunez, Udalak dirulaguntzak doituko ditu gastu berriei dagozkien dirulaguntzak barnebilduz.
Lanak urtarrilean hasiko dituzte
Ezozibideko obrekin bukatzeko, beste puntu bat ere onartu zuten, Ezozibidea berrurbanizatzeko eta irisgarritasuna hobetzeko obra kontratuari dagokiona, hain justu.
Alkateak esplikatu zuenez, hori ere tramite administratiboa besterik ez da, urrian onartu baitzuten kontratua, zenbait xehetasun argitzeko zituena. Xehetasun horiek argituta eta Ezozibidea berrurbanizatzeko epeak aurreikusitakoak izango direla baieztatu ostean, obra kontratua luzatzea erabaki dute eta azken orduko aldaketarik ezean, datorren urtarrilean hasiko dituzte auzoa berrurbanizatzeko lanak.
Proiektuak 883.129,77 euroko aurrekontua izango du eta kontratatutako lanak bederatzi hilabetean gauzatu beharko dituzte.