Nothingan Miedoren aldeko 3-1eko markagailuarekin kantxaratu ziren atzo bi taldeak, gorriak eta urdinak. Lehenengo, aurreko barikuko finalerdian min hartu zuen Peioren aldeko pankarta atera zuten, gazteari animoak emateko.
Hortik aurrera, benetan zail izan zuten epaileek kantxan gertatzen ari zena epaitzeko. Finalisten arteko tentsioa nabarmena zen eta biek ala biek gogor jokatu zuten garaipena erdietsi nahian, zenbait kasutan, gogorregi ere bai.
Urdinen aldeko penaltia eta gola
Atzoko norgehiagokaren 20 minutuen hasiera aldera, zeresan handia piztu zuen LTCren aldeko penaltia seinalatu zuen epaileak eta hura sareratzea lortu zuten urdinek. Hala, 3-2 jarri zen markagailua.
Hortik aurrera, jokoaren intentsitatea areagotu egin zen bi taldeen artean. Gogotik ahalegindu ziren urdinak markagailuan aurrera egiten. Gol-aukera nabarmenak ere izan zituzten, gorriek baino gehiago. Haiek, berriz, behin eta berriro lortu zuten urdinen erauntsi gogorrari eustea eta azkenean, markagailua aldeko zutela bukatu zuten partida.
Beraz, gaur, 19:30ean, Jubiletak eta Nothingan Miedo taldeek jokatuko dute aurtengo Futbito Txapelketako Liga finala. Kanoikadaren ondoren, 19:30ean izango da, Araneko frontoian.