Joan den ostiralean zabaldu zenuten, zelan doa?
- Oso ondo. Bagenekien jendea egon behar zela, jendeak kaletik esaten baitzigun gogotsu zeudela saltokia ikusteko, eta bagenekien gustatuko zela, baina ez genuen pentsatzen horrenbesterako izango zenik. Adibidez, datorren asteko ostegunera arte ez dago lekurik.
- Zelako bezeroak etortzen zaizkizue?
- Denetik. Gazteak, helduak, nagusiak, neskak, mutilak… Depilatzera, pedikurak eta manikurak egitera. Gizon nagusiak oraindik ez dira etorri, baina bestelakoak bai. Eta jende asko ez genuena espero.
- Ze zerbitzu eskaintzen dituzue?
- Manikura, pedikura, aurpegi garbiketa, masaje erlaxagarriak (aurpegikoak, bizkarrekoak, hanketakoak…), depilazio osoa argizari epelarekin zein beroarekin (iztarteak, hankak… nahi den lekukoa), bai neskei zein mutilei; bekainen eta bibotearen depilazioa ere egiten dugu argizari beroarekin eta betiletako tintea eta liftinga ere bai, umeendako trentzak ere egin ditugu -koloreetako ilea ekarriko dugu horretarako- eta ospakizunetarako edo bestelakoetarako makillaje bereziak (ezkontzetarako, kintadetarako… bakoitzak nahi duenerako) ere egiten ditugu.
- Manikurak zelakoak?
- Erdi-permanenteak eta normalak, biak. Baita ere esmaltatu barik, hau da, azkazalak konpontzen ditugu, eskuetakoak zein hanketakoak. Eta hona etorri ezin direnendako etxez etxeko zerbitzua ere badugu.
- Arropa ere baduzue…
- Bai, bigarren eskukoa da. Asko gustatu da eta oso ondo saltzen ari da.
- Arropa neskendako bakarrik dago.
- Bai, oraingoz ez dut nahastu nahi. Gure arropa da, asko daukagu.
- Osagarriak ere badaude.
- Bai, poltsak eta bitxiak ere bai, Elgoibarko Naroa eta Leire artisauenak (Nalei) eta herriko artisauenak ipintzeko prest ere bagaude. Eta laster kremak ere salduko ditugu.
- Ze ordutegi duzue?
- Oraingoz, ia egun osoan gaude hemen. 10:00etatik 13:30era eta 15:00etarako hemen gaude, 19:00-20:00ak pasa arte. Hilabete honetan ez dugu ordutegi finkorik ipiniko. Irailean, berriz, ahizpa Miren nirekin hasiko da eta orduan bai, zehaztuko dugu ordutegia.
- Zergatik Bianka izena?
- Denbora luzean ibili ginen izen bila eta Bianka gustatu zitzaigun, gero jakin genuen Bianka dela Blanco italieraz, nire abizena bezala, baina kasualitatea izan da.
- Zelan bururatu zitzaizun hau zabaltzea?
- Nahi nuen zerbait ipini. Orain dela bi urtetik-edo nahi nuen zerbait zabaldu eta lokal hau nahi nuen, ideia mordoa nituen. Ikusten nuen hemen ez zegoela ezer… Azkenean, lortu dut lokala erostea. Nik ikasi nuen ile-apaintzaile eta estetika eta Mirenek ere ikasketa berak ditu. Orain, dagoen honekin hasi naiz, baina igual irailean beste zerbait ipintzen dut. Azazkalen zainketa seguru. Ze hau hilero egiten da eta hemen ez du inork egiten guk eskaintzen duguna eta jendea Eibarrera joan behar izaten da. Ilea ere jende askok kentzen du. Jarduera nagusia izango da pedikura, depilazioa, lifting, manikura, aurpegiko tratamenduak eta makillajea. Eta ikastaroen eta berritasunen arabera, gauza berriak sartuko ditut. Berritu egin beharra dago.
- Beste zerbait nahi baduzu gaineratu…
- Laguntza asko ez dela jasotzen. Sentitzen zara bakarrik. Behin inbertsioa eginda eta behin dirua ipinita, orduan bai, zerbait ematen dizute, baina aldez aurretik dirurik ez baduzu, ezin duzu ezer egin. Adibidez, sarrerako arrapala ipintzeko ez didate laguntzarik eman. Ni martxotik nabil ahalegina egiten. Okindegian, KLB6n eta egoitzan ibili naiz lanean dirua lortu ahal izateko.