Ohitura duten moduan, sanandrestarrek makala altxatuz eta txorixoak probatuz hasiko dituzte bihar auzoko jaiak.
Zapatuan, zezenak eta kantu afaria
Hurrengo egunean, zapatuan, eguerdian emango diete segida jaiei, bigarren aldiz ospatuko duten tortila lehiaketa irekiarekin. Arratsaldean, berriz, pilota txapelketako finala jokatuko dute frontoian eta hura amaitutakoan Bergarako zezenak askatuko dituzte zelaian. Iluntzean, Iosu Zarate eta Unai Brea kantariek girotuko dute afalaurrea eta afalostea, gitarra zahartxo bat lagun hartuta gaur erdira arte. Orduan hasiko da erromeria Astiazaran eta Alabier bikotearen eskutik eta gehiagorako gogoz gelditzen denak, 03.00etatik aurrera, DJ Anderrak girotutako musika jaia izango du goiz aldera arte.
Domekan, pilota partiduak eta zezenak
Domekan, ohikoa baino goizago, 11:00etan, eskainiko du meza Pedro Laskurain 'Mantxo' abadeak. Elizkizunaren ostean, 12:00ak aldera, Aitor Mendiluze eta Iker Zubeldia bertsolariek kantatuko dute, Mendotz eta Bizkai trikitilariek lagunduta eta 12:30ean, afizionatu mailako pilota partidua jokatuko dute frontoian. 14:30ak aldera, bazkaltzera erretiratuko dira denak San Andresko elkartera.
Arratsaldean, 18:00etan, herri-kirolen txanda izango da eta izetatarrek harrijasotze, txinga eroate eta bestelako modalitatez osatutako ikuskizuna eskainiko dute frontoian. Handik lasterrera, hasiko da bola premioa bolatokian eta 19:30ean Bergarako zezenak zelaian. Amaitzeko, nahi duenak mahaian afaltzeko aukera izango du elkartean.
Astelehenean, auzotarren eguna
Astehenean, auzotarrei zuzendutako ekitaldiak izango dira. 12:30ean, auzoan hildakoen omenezko meza eskainiko du Mikel Santiago fraideak, ondoren, umeendako jolasak egingo dituzte eta 14:30ean elkarrekin bazkaltzera jarriko dira frontoian, Andoni Egaña eta Sebastian Lizaso bertsolariek eta Laja II.ak eta Lutxurdio trikitilariek girotuta. Arratsaldeko 19:00etan emakumeen bola saria jokatuko dute eta ostean, amaitzeko, afaria eta afalosteko erromeria izango dituzte jaiak behar bezala amaitzeko.