Pasa den eguaztenean egin zuten Soraren Batzar Orokorra, kiroldegiko elkartegian.
Orokorrean, zuzendaritza "pozik eta gustura" azaldu zen klubeko alor desberdinetan entrenatzaileekin, jokalariekin, lortutako emaitzekin, etxeko jardunaldiekin —guztiak "arazo barik" burutu direlako—, juntakideekin —bajarik egon ez delako—... Baina beti dago zer hobetu, eta bertan komentatu zituzten aurtengo berritasunak, dauzkaten kezka nagusiak eta etorkizunerako planak.
Beste kadete talde bat
36 jokalari daude kadete kategorian eta datorren denboraldian bi talde izango dituzte: Gorengo mailakoa eta lehen mailakoa. Jokalari kopuruari begira, “bi talde osatzeko lagun gutxi dira baina, era berean, gehiegi bakarrerako”. Hala ere, garbi daukate bi talde sortu beharra dagoela: “Ezin ditugu hamapiko gazte jokatu barik laga”. Hortaz, “ateak irekita” dituzte inguruko herrietatik etorri nahi duten gazteentzat.
2023-2024 denboraldiko kadeteak.
Entrenatzaile harrobia
Metodologia berria jarri zen martxan iaz, bi entrenatzailerekin. "Gastu handia" den arren, formatu hori etorkizunean "gako" izango dela uste dute. Real Sociedad Fundazioarekin dihardute elkarlanean eta haiek ere babesten dute apustu hori. Hain zuzen, Errealak Sora zoriondu du "metodologia berriak aplikatuz egindako aurrerapausoengatik, maila altuagoan dauden beste klub askoren gainetik".
Datorren denboraldiari begira, entrenatzaile batzuk konfirmatzear daude oraindik, "gazte direnak batez ere, lana edo ikasketak direla eta", baina klubak ez du beste inora jotzeko asmorik. Profil honetako plazentziatar gazteak nahi ditu, “entrenatzaile-harrobi moduko bat" izateko: "Helburua da kategoria txikienetan entrenatzen hasi eta, urte batzuk barru, ongi formatutako Gorengo mailako entrenatzaile bihurtzea".
Zalegoarekin eta lesioekin izandako arazoak
Denboraldian zehar, harmailetan “jarrera txarrak” egon direla salatu dute: alde batetik zaletu batzuek sortu dituzten istiluengatik; bestetik, futbol eskolako guraso batzuek “ume txikieri eragindako presioagatik”; eta gaia “serio lantzen” hasi direla diote. Kartel bat jarri zuten futbol zelaiaren sarreran eta harmailetan gehiago jarriko dituztela agindu dute: "Beharrezko dena egingo dugu jokabide horiek aldatu eta horrelako egoerak saihesteko".
Bestalde, alebin mailako haur batek masailezurra apurtu zuen partida batean eta, azaldu zutenez, “20 urtez azpiko gazteen kasuan, aseguruak ez ditu barne hartzen ahoko eta begietako kalteak”. Federaziora jo arren, ez dute baleko soluziorik jaso. "Kontua da Gipuzkoako klubetako haurrek gurasoen aseguru pribatu edo publikoa dutela legez eta, kasu gehienetan Osakidetza denez, ahoko kasuetan, sendaketa basikoak besterik ez dizkiete egiten". Orain dela gutxi, ume baten kasua Espainiar Federaziora ailegatu omen zen eta, geroztik, "hortzerian eta betaurrekoetan behintzat" laguntzak lortu direla kontatu zuten.
Diru laguntza jaitsiko da
6.000 euroko balantze positiboa izan dute, baina, azaldu zutenez, Errealaren partetik 7.000 euro gehiago jaso dituzte aurten. Diru laguntza extra hau Championsera sartzearren izan zen eta, argi utzi zutenez, “hurrengo denboraldian ez da halakorik izango”. Horrez gain, Errealak baremazioa aldatu du eta galtzen atera da Sora: mila euro gutxiago jasoko ditu datorren denboraldian. Horren aurrean, fitxak “apur bat” igotzea planteatuko dute, “gutxi, 1-2 euro arteko kopurua hilero, hurrengo urteko balantzea negatiboa ez izateko beste”. Batzarrera bertaratutakoek bazkidetza kanpaina indartzea ere proposatu zuten.
RS Fundazioko buruak eta Gipuzkoetako klubetako ordezkariak. Iturria: RSF
Instalazioak berritzeko plana
Aldagelak, taberna eta zelaia berritzeko plana abiatu du Sorako zuzendaritzak. Udalarekin batu dira jada eta partida bat onartu du honek, baita irailean proiektua osatzen hasteko konpromisoa hartu ere. Eskatu daitezkeen diru laguntzak aztertuko dituzte eta Gipuzkoako Federaziotik ere “laguntzeko prest” daudela jakinarazi diote Sorari. Zuzendaritzaren helburua da “zelai osoa berrituta izatea 50. urteurrenerako” (2027).
Ezozi futbol zelaiko aldagelak eta taberna.