Zein izan da zure ibilbidea entrenatzaile bezala?
Zortzi urte eman ditut entrenatzen: Ermuan bost urte egin nituen, infantilekin bi eta kadeteekin hiru; Leioan eta Elgoibarren jubenilekin urte bana; eta aurtengoa, Soraluzeko nagusiekin.
Ondo hartu zintuzten Soran?
Bai, perfekto. Kluba pasada bat da. Pertenentzia sentimendu ikaragarria dago hemen, Bizkaian ez dut halakorik ikusi. Hemen jendea klubekoa da. 300 ikusle igo izan dira Ezozira astebururo… pasada bat da hori. Ermuan horren erdia igotzen da eta 16.000 biztanle inguru gara.
Gero, talde barruan igartzen den giroa ezinhobea da. Jokalariak denak dira herrikoak, eta denek nahi dute hemen jokatu. Hiruzpalau kuadrilla dira eta kuadrilla bakoitzetik lauzpabost lagun. Horiei Biokou, Rolando eta Markel gehitu zaizkie etxekoak balira bezala. Zuzendaritzarekin ere oso ondo, uneoro animoak ematen izan ditugu.
Bestalde, asko erraztu dit Consul alboan izateak. Ermuarra eta kuadrillakoa izateaz gain, era berean ikusten dugu futbola eta seigarren urtea da talde bat batera entrenatzen dugula.
Iker Consul, Mikel Oregi Letu eta Mikel Cid sari banaketan.
Esperientzia handiko dupla, beraz. Zertan zentratu zarete? Zer hobetu nahi izan duzue?
Heltzerakoan, talde oso gaztea ikusi nuen, paseetan gabezia handia zeukana. Baloia landu dugu gehien bat eta jokalariak oso pozik egon direla uste dut. Partiduetan gauza asko ez dira nahi bezala atera, baina landu, landu dira. Entrenamenduen asistentzia handia izan da, lesio eta bestelakoen artean plantilla laburra izan dugun arren (12 lagun izatera iritsi gara entrenamendu batzutan).
Denboraldia amaituta, zein da egiten duzun balorazioa?
Gorabehera askokoa izan da, montaña rusa. Kristoren denboraldia egiten hasi ginen: Lau garaipen jarraian lortu genituen etxean eta kanpoan galdutako asko irabaztear egon ginen. Bederatzigarren jardunaldian 4. postuan geunden eta, irabaziz gero, 2. postuan izango ginen.
Bat-batean partiduak galtzen hasi ginen, txartel gorri eta lesio asko tarteko. Hilabete eta erdi eman genuen puntu batekin, eta berriz geratu ginen sailkapeneko erdigunean. Jarraian, denboraldiko sei partidarik onenak egin genituen, sailkapeneko talde onenen kontra; baina puntu bakarra lortu genuen eta, horren ostean, beherakada berriz ere. Azkenean, aire pixka bat hartu eta jaitsiera urruntzen ikusi genuen.
Gorabehera itzel horrek izan arren, sentsazio onekin amaitu dugu.
Mikel Cid entrenatzaile ohia Markel Gil zoriontzen, sailkapenean lehenengo zihoan Mondraren kontrako partidan.
Emaitzekin konforme egonda, zergatik hartu duzu kargua uzteko erabakia?
Datorren urtean bajak daude eta nik neukan ideia klubak ez du konpartitzen. Nik irabazteko eta kategoriaz igotzeko anbizioa daukat, baina horretarako fitxaje gehiegi egin behar dira eta hori ez dator bat klubak nahi duenarekin: Soran argi daukate herriko jokalariekin jokatu nahi dutela, lagunarteko talde bat izan nahi dute.
Hurrengo denboraldiari begira, motz ikusten dut plantilla eta, nire helburuak lortzen saiatzeko, 6-7 jokalari fitxatu beharko genituzkeela aurreikusten dut. Horrek, klubak eraikitako lagunarteko taldearen ideia lokaztuko luke eta, gauzak horrela… hobe bakoitzak bere bidea egitea, eta alde biak pozik.
Zer eramaten duzu Soratik?
Pertsonalki, ikaskuntza on bat. Nagusien talde bat entrenatzen dudan lehen aldia izan da eta talde-kudeaketa oso ona izan denaren sentsazioa daukat. Baina, batik bat, Soraren pertenentzia sentimendu hori eramango dut betirako. Eta, nonork daki etorkizunean berriz entrenatzera bueltatuko naizen edo jokalariren bat nirekin egongo den beste talderen batean.
Denboraldiko aurkezpen ekitaldiko talde argazkia; eskuinean, Mikel Cid.
Amaitzeko, hiru galderatxo. Busti zaitez:
Ze gomendio emango zenioke datorren entrenatzaileari?
Mantentzea baloiarekin egin dugun lana. Klubera ailegatzean hortxe sumatu nuen gabezia eta, aldi berean, jokalariek gustukoen duten entrenamendu mota da. Partiduei dagokienez, Ezozikoak ‘bai ala bai’ atera behar dira eta kanpokoetan ahal den guztia lortu. Talde gaztea eta konprometitua dauka.
Denboraldi amaierako afarian Mikel Oregi Letuk jaso zituen bi sariak (golegilearena eta MVP edo jokalaririk baliotsuenarena). Beste jokalari bat saritzekotan, zein izango litzateke?
Denboraldi honetako saria Letuk jaso behar zuen, ez geneukan dudarik. Baina, beste norbait aipatzekotan, Aitor Barrutia esango nuke. Denboraldi osoan zehar burukomin asko eman dizkidan arren, jarrera aldetik hasieratik hona izan duen hobekuntza ikaragarria izan da, aldaketa oso nabarmena; eta, bestela ere, esan beharrik ez dago kristoren jokalaria dela.
Biokou ere aipatuko nuke. Oso erregularra izan da eta gol dezente egin ditu. Baina inportanteena da beti prest agertu dela: partidu guztietara etorri da, entrenamendu denetara… eskertzekoa da hori.
Bukatzeko, ze jokalari dago esplotatzear-edo, zein izan daiteke klabe klubaren etorkizunean?
Aitor Estevez. Nire ustez, bere gen konpetitiboa ateraz gero… Sakrifizioa dauka, talde-jokalaria da, baloiarekin ona… lehiatzea falta zaio, nik esaten dudan moduan: “gaiztoago izatea”, futbolean apur bat gaizto izan behar duzu (barre).