Integratuta sentitzen zara hemen, baina zer da gehien kostatu zaizuna?
Ez zait asko kostatu, gogotsu nentorrelako. Bizitza aldatzeko gogoa neukan eta pozik etorri nintzen, emaztea haurdun zegoela, ondo etorri nintzen; gero bere adineko lagunei esker ba erraz integratu naiz. Lan egonkorra nahi nuen, bizitza bat.
Baina han ere izango zenuke lana gurasoenean, ala?
Bai, baina ez nik egindako ikasketetan. Karrozeria ikasi nuen. Hemen ere ez du lanik topatu karrozero modura, baina hori baino lan hobe bat aurkitu nuen.
Zelan ikusten da Plaentxia Meridatik datorren baten ikuspuntutik?
Polita ikusten da. Jendeak dio zatarra dela, baina polita da, mendiz inguratuta…
Zure familia eta lagunak etorri dira…
Bai, etorri eta errepikatu.
Eta eurek zelan ikusten dute hau?
Eurei ere polita iruditzen zaie hau. Hondartzara joan ginen eurekin, gehienak berriro etorri ziren eta bat hemen geratu da bizitzen, Javier Patxi Rodriguez Blanco, nire herrikoa.
Eta hemengo jendearekin, zelan? Itxiak garela diote…
Oso atseginak, salbuespenen bat zein beste (barre). Ez zarete itxiak, dena da gezurra.
Ez duzu ezer faltan igartzen jaioterritik?
Familia eta lagunak. Baina nire herria txikia da. 1.500-1.600 bizilagun ditu. Lasaia da.
Hau ez?
Eeeeeez, hau ez da lasaia. Astelehenetik domekara dago zer egin hemen.
Eta zein aukera eskaintzen ditu Soraluzek zentzu horretan?
Umeek, adibidez, egunero dute zerbait, ludoteka, skate parkea, mendia… Bestalde, han nire semearen adineko umeak ez dabiltza hemen moduan kalean; han kale guztiak dira errepide, ez dira oinezkoendako, eta gainera, jendeak autoa hartzen du leku guztietara joateko, baita okindegira joateko ere.
Zer ekarriko zenuke handik hona?
Amaren janaria, edo zuzenean ama bera, janaria egiteko. Eta eguraldi ona.
Hemen eguraldi txarra egiten du, ala?
Egia esan, euriarengatik ez balitz, ondo. Han hotz eta bero handiagoak egiten ditu. Hemen klima ona dago, euriarengatik ez balitz.
Zerk ematen dizu arreta hemendik?
Berdetasunak, mendiak. Extremadurako iparraldea berde samarra da, Aste Santuan, adibidez, Caceres elurtuta zegoen, baina Merida ingurua marroixkagoa da.
Zer gomendatuko zenioke hara bisitan doan soraluzetar bati?
Amaren gozoak jatera joateko.
Espezialitateren bat badu?
Tartak, edozein motakoak.
Ama sukaldaria da?
Ama (Antonia) gozogilea eta aita (Aniceto) okina.
Okinaren semea okinaren alabarekin elkartzea…
Bizitzaren kasualitateak.
Okindegi propioa dute?
Bai, okindegi-gozotegia, Panadería El Teto Dulce Oliva. Amaren gozoak eta aitaren ogia erosi eta gero, bisitariak Jerte inguruak bisitatzera joan daitezke.
Zein sasoi da onena hara joateko?
Aste Santuan. Hau (Jon) abuztuan etorri zen eta ia hil egin zen. 47 gradu egin zituen.
Zure herriko bati zer gomendatuko zenioke hemendik?
Etor dadila paisaiak ikustera, Txurrukara txuleta eder bat jatera eta gero hondartzara, niri Saturrarangoa gustatzen zait, lasai egoten da han, Mutriku gertu dago… Hemen dena dago gertu, gu erdian gaude eta hori ona da.
Besterik nahi baduzu gehitu?
Jendea lanera etortzera animatuko nuke. Hemen badago lana. Nik hainbat lan izan ditut.
Baina okin ez zara izango, ala?
Ez, hori ez. Ez naiz etorriko amaginarrebarekin lan egitera, horretarako aitarekin geratuko nintzateke lanean.