Zapatuan, lepo bete zen Ezoziko zelaia V. Errugbi Egunean. Kirolari gazteek zein gurasoek bete zituzten bazter guztiak, ia 200 ume, gurasoak, entrenatzaileak eta beste izan ziren bertan. Eguraldia lagun, goizean hasi eta eguerdia luze pasa arte, ez zen aspertzeko astirik egon.
Adinka eta taldeka, zelaia bitan banatu eta etengabe jokatu zituzten errugbi partidak, gurasoen eta lagunen begiradapean eta giro apartean. Indarrak berreskuratzeko, hantxe izan zuten SoraGazteak Rugby Klubak atondutako hamaiketako oparoa eta eguna borobiltzeko, partaide guztiek jaso zituzten domina bana eta bestelako opariak.
SoraGazteak Rugby Klubekoak benetan pozik daude egunarekin. Enekoitz Igartuak azpimarratu du “kriston arrakasta” izan zela. Urtarrilean hasi ziren zapatuko eguna prestatzen eta “pixkanaka-pixkanaka erritmoa hartzen” ari direla uste du hark, hori bai, laguntzarekin: “Gu gutxi gara baina lagun oso onak ditugu, eurak barik ezinezkoa izango zen hau egitea”.
Egun bakarra motz
V. Errugbi Egunari berari dagokionez, berriz, Igartuak azpimarratu du “ekitaldian dena super ondo” irten zela. “Umeek, taldeek, entrenatzaileek… demaseko jarera ona izan zuten eta ikusten zen pozik zebiltzala, gustura. Dena fin-fin joan zen. Harrituta joan ziren ikusita nola herri txiki batean halako ekitaldiak prestatzeko gai garen, batez ere, talde txikiak, ez baitaude ohituta halako ekitaldietan egoten. Esan ziguten txiki geratzen dela egun bakarra”, kontatu du.
Eskerron mezuak ere izan ditu ekimena gauzatzeko laguntza eman dieten lagun, guraso, herritar, erakunde eta merkatari guztiei. Eta esan du dagoeneko hurrengo topaketetan pentsatzen ari direla. Irailean, jokalari beteranoena egin nahi dute eta datorren urtera begira, berriz, “kategoria eta maila berriak”.